Aztarna arkeologikoak topatu dituzte supermerkatua eraiki gura duten lursailean

Iker Rincon Moreno eta Ander Zarraga 2021ko ots. 2a, 11:29

Bareño inguruko lursaila.

Erdi edo Goi Paleolitokoak izan daitezkeen silex-zatiak aurkitu dituzte Sopelako arkeologo bik Bareñoko lursailean, joan den uda-amaieran azaleko azterketa bat egin ondoren. Bertan, supermerkatu bat egitea aurreikusita dago, baina aurkikuntza horren ondorioz lanotarako lizentzia-obra suspenditu da, behin-behinean, aurkikuntzaren inguruko txosten bat aurkeztu arte, Sopelako udal-iturriek jakinarazi dutenez.

Joan den urteko udaren amaieran, Maitane Larrea eta Ander Ugarte arkeologo sopeloztarrek azaleko azterketa bat egin zuten Bareño sektoreko lursailean; izan ere, gune horretan supermerkatu bat egiteko hasierako obrek hainbat aztarna azaleratu dituztela jakinarazi dute historialariek. Erdi edo Goi Paleolitokoak izan daitezkeen 21 harri-aztarna aurkitu dituzte, eta, ondorioz, eraikuntza-lanok atzeratu behar izan dira, behin-behinean, aurkikuntzaren nondik norakoak aztertu ahal izateko.

Ugartek jakinarazi duenez, "udan egindako lur-mugimenduek hainbat silex-zati lurpetik atera dituzte", eta, horren ondorioz, erraz topatu zituzten aipatutako harri-aztarnak. Horren berri emateko, txosten bat bidali zioten Bizkaiko Foru Aldundiari, eta, orain, aztarnategiaren balizko potentziala aztertu beharko du supermerkatua eraikiko duen enpresak. Horretarako, Suhar arkeologia-taldeak zundaketak egingo ditu aztarnategi arkeologikoa dagoen edo ez ziurtatzeko.

Aurkitutako aztarnak etapa bitan bana daitezkeela zehaztu du Ugartek: alde batetik, Erdi Paleolitoa, Levallois metodoagaz landutako harri-puskak aurkitu dituztelako, Mousteriar kulturako oso karakteristikoak; eta, bestetik, Goi Paleolitoa, zati laminar eta burilak aurkitu dituztelako. Silex-zati horiek guztiak Bilboko Arkeologi Museoaren esku utzi dituzte, eta ezinezkoa zaie oraindino baloraziorik egitea, horiek azalean eta aldatutako testuinguru batean aurkitu dituztelako.

Oraindino ez dago katalogatuta aurkikuntza hori, baina kontutan hartuta Sopelan, eta Uribe Kostan orokorrean, testuinguru arkeologiko aberatsa dagoela, adituek uste dute garrantzi handia izango duela inguruok aztertzea. Izan ere, azaldu dutenez, ez da lehenengo aldia mota horretako aurkikuntzak ematen direla Bareño inguruan: Joseba Rios Garaizar eta Diego Garate arkeologoek 2008an aurkitutako Bareño aztarnategiko partea da orain aztertu beharreko lursaila.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun