Hirugarren urtez jarraian, Googaz 3.0 ekimenean parte hartuko du Sopelak. Millenial inkonformista talde antolatzaileak adierazi du ekimen horrek onura asko dituela parte hartzaileentzako, udalerrientzako eta baita komertzioentzako ere. Azpimarratu dute gazteak beraien herriko komertzioen egoerara hurbilduko dituela ekimenak, eta merkatariei parte hartzaileek sortzen dituzten konponbideak helaraziko zaizkiela.
“Pertsona orok talentua dugula uste dugu, bakoitzak berea. Horregatik gara gure etorkizunaren sortzaile. Askotan, talentu horiek itzalpean gelditzen dira, eta horregatik gaude gu hemen. Googaz 3.0n gazteen abileziak bultzatuko ditugu, beraien bidea gidatu dezaten”, azaldu dute antolatzaileek.
Teresa Fernandez Enplegu eta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak adierazi du tokiko merkataritza hurbiltzea helburu duen ekimen horretan parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dutela.
Googaz 3.0 otsailaren 13an egingo dute, eta Sopelako frontoiko formakuntza gelan egongo da haren topalekua. Goizeko 10:00etan hasi eta 20:00etan bukatuko dute, beti ere, COVD-19aren aurkako neurriak betez.
Lehen fase horretan, parte hartzaileek Scape the Herria izeneko proba egingo dute Sopelako kaleetan tokiko komertzioen egoera ezagutzeko eta konponbide berriztatzaileak proposatzeko. Hurrengo faseetan probintzia mailako lehiaketa egingo dute, eta horietatik irabazle ateratzen direnek Europara bidaiatzeko aukera izango dute.
Izen-ematea eta fase guztien inguruko informazioa eskuragarri dago Googaz 3.0 ekimenaren webgunean.