Indarkeria matxista emakumeen eta gizonen arteko desorekaren adierazpen larrienetako bat da. Berdintasun planen bidez, bai Sopelako Udalak bai Uribe Kostako Mankomunitateak genero-indarkeriaren aurkako borroka sustatzearen alde egiten dute, indarkeriaren aurkako erantzuna hobetuz eta gizarte-eredua aldatuz, betiere herritarren parte-hartzea eta Sopelako gizartearen inplikazio aktiboa bilatuz tratu txarren isiltasun-konplizea hausteko.
Indarkeria matxistaren ikuspegiaren eta tratamenduaren inguruan, eta eskaintzaren diren zerbitzuen eta baliabideen arloko premien inguruan, akordioak lortu beharra dago Uribe Kostako eskualdea osatzen duten udalerri guztien artean. Horregatik, eta indarkeria matxistak toki-mailan duen eraginari buruz dagoen ezjakintasunaren aurrean, Sopelako Udalak aurrerapauso bat eman du. Mankomunitateko udalerri bultzatzaile gisa, Udalak diagnostiko eta ekintza-plan bana egin du, indarkeria matxistari ikuspegi integratu horretatik helduta. Bertan, prebentzioa eta arreta ez ezik, erreparaziorako eta ez errepikatzeko eskubidearen beharra ere jasotzen da, erreparaziorako eskubidea tipologia potentzial osoa hartzen duen kontzeptu zabal batetik ulertuta; erreparazio indibiduala eta kolektiboa, bai materiala, bai integrala eta baita sinbolikoa ere.
Josu Landaluze Sopelako alkateak azpimarratu duenez, "erreferentzia-marko bat prestatu dugu, emakumeenganako indarkeriaren kontrako eskualde gisa udalak egingo duen lana gidatuko duena, indarkeria hori prebenitzeko eta desagerrarazteko, biktimei laguntzeko, erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko eta emakumeak ahalduntzeko lan eginez".
Bestalde, Teresa Fernandez Udaleko Berdintasun Saileko zinegotziak azpimarratu du emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzera bideratutako politika publikoak garatzeko tresna izango dela: "Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa bat da, eta errespetuan eta berdintasunean oinarritutako gizarte batek onartu ezin duena. Horregatik, proiektu honek aukera emango digu dauden baliabideak optimizatzeko eta ahalik eta eraginkortasun eta efizientziarik handiena bermatzeko, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka lan egiten duten erakunde publikoen eta gizarte-erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza bezalako ekintzen bidez".
Horregatik guztiagatik, Sopelako Udalak proiektu horren garapena bultzatu du, eta diagnostiko kuantitatibo zein kualitatibo bat egin du, indarkeriaren arretan esku hartzen duten erakunde-arteko eragileen, Udaleko politikari eta teknikarien eta Sopelan indarkeriaren prebentzioan lan egiten duten elkarte eta erakundeen parte-hartzeagaz. Pandemia agertzeak, gainera, proposamen teknikoa egokitzera behartu du, ez bakarrik metodologiari dagokionez, baita helburuei dagokienez ere; izan ere, konfinamenduak erasotzaileakaz bizitzera behartu ditu emakumeak, irteera-zikloak zailduz. Testuinguru horretan, "maskara 19" kanpaina abiarazi zen, eta farmaziei eskatu zitzaien emakume batek gako hori aipatzen zuen bakoitzean biktimen arretarako telefonoetara deitzeko. Horregatik, analisi horretan tokiko farmaziek kanpainari buruz duten pertzepzioa sartu da.
Informazio hori oinarri hartuta, hautemandako erronkei aurre egiteko helburuak eta neurriak diseinatu dira, eta, horiei, legeriak ezartzen duen bezala, adierazleak, arduradunak, kronogramak eta aurrekontua gehitu zaizkie.
Uribe Kostakoa, mankomunitaterik aktiboenetako bat da berdintasunaren arloan, udal-iturrien arabera. Izan ere, 2023ra arte indarrean dagoen III. Berdintasun Plana du martxan, eta 2016an berdintasun-politikak arautzeko ordenantza bat onartu zuen, aitzindaria, tokiko errealitatera egokitzeko eskualde-planteamenduagatik.