Udalerriko gazte militanteen kontrako jazarpena salatu du Ernaik. Gazte antolakundeak deitoratu duenez, joan den barikuan Sopelako Udaltzaingoa militanteetako baten kontra oldartu zen: "Horma batean torturaren aurkako pintaketa bat egiten ari ginela, udaltzainetako batek gazteetako bat paretaren kontra plakatu zuen bortizki, eta horrek buruan kolpea hartu eta odoletan hasi zen". Oldarraldiaren ondorioz, gaztea zorabiatu eta Urdulizko ospitalean artatu behar izan zutela ohartarazi dute antolakundekoek.
Gazteek salatu dutenaren arabera, ez da lehenengo aldia horrelako jazarpena pairatzen dutena: "Hilabete bakarrean hirugarren aldia da udaltzain eta ertzainen identifikazio, mehatxu eta kolpeak jasan duna. Berriro ere, matoi-jarrerak militante konprometituen aurka". Hori guztia salatzeko asmoz, prentsaurreko publikoa egingo dute barikuan, hilaren 19an, Sopelako udaletxearen aurrean, 18:00etan. Horrez gainera, datozen egunetan jazoera horien berri emateko dinamikak abian jarriko dituztela iragarri dute.