Goi-mailako surflariei Sopelako hondartzen erabilera erraztuko dien hitzarmena sinatu dute Udalak eta Basque Team Fundazioak. Kurtzio Kultur Etxean egin duten aurkezpenean egon dira Josu Landaluze alkatea, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea eta Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko kirol aholkularia. Horiekaz batera, Euskal Herriko Surf Federazioko arduradunak eta Basque Teameko surflariak ere egon dira, hala nola Leticia Canales, Garazi Sanchez, Ariane Ochoa, Janire Gonzalez Etxebarri, Ruben Vitoria edo Bitor Garitaonaindia.
Hitzarmen horregaz Sopelako hondartzak erabiltzeko erraztasunak eman gura dizkiete kirolariei, horien prestaketan lagundu guran. Surflariok une erabakigarrian daude El Salvadorren egingo den Munduko Txapelketari begira, eta, lehen aldiz, surfa Japoniako Joko Olinpikoen programan sartuko delako aurten. Sinatutako akordioaren bidez Sopelako Udalak bat egin du kirolari horien helburuakaz, eta lehentasuna emango die udalerriko hondartzetan eguneroko lana errazteko.
"Sopelako Udalak konpromisoa hartzen du surfaren industriaren sektorea garatzeko eta surflarien hazkundea bultzatzeko. Gaurkoan, surfa bezalako banakako kirol bat, talde-kirol bihurtzeko beste urrats bat emango dugu, arrakasta kolektiboa izango da", adierazi du Josu Landaluzek.
Munduko zirkuituko, Munduko Txapelketako eta Olinpiar Jokoetako hurrengo probetarako prestaketa zorrotzean kirolariei hainbat laguntza ematen dizkie Basque Teamek. "Fundazioak harreman estua du surfaren munduagaz, Euskadiko surflari erreferentzialenek gure laguntza jaso dute, eta babes horretan gaurtik aurrera beste laguntzaile bat izango dugu", azaldu du Olatz Legarzak.