Sopelako Udalak soldadura-elektriko bidez fabrikatzeko eta muntatzeko ikastaroa abiaraziko du

Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 13:18

Ikastaroa Sopelan erroldatutakoei dago zuzenduta. © SOPELAKO UDALA

Gizarteratze eta laneratze profesionalerako enplegagarritasuna sustatu guran, Sopelako Udalak soldadura ikastaro bat eskainiko du martxotik maiatzera. Leku-kopurua mugatua izango da, beraz, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea Sopelako webgunean edo udal-bulegoetan.

Sopelako herritarren enplegagarritasuna sustatzeko asmoz, Udaleko Enplegu eta Sustapen Ekonomiko Sailak soldadura-elektriko bidez fabrikatzeko eta muntatzeko ikastaroa eta homologazio-proba jarriko ditu martxan. Izan ere, udal-iturriek adierazi dute espezialitate horrek garrantzi handia duela sektorean.

“Garai eta eskaera berrietara egokitu gara. Badakigu gaur egun enpresek homologazio-ziurtagiria duten langile kualifikatuak behar dituztela, hori dela eta, abiarazi dugun ikastaro honen bidez, parte-hartzaileei trebakuntza emango zaie proba bat egiteko eta ATISAE, ingeniaritzaren ziurtagiria lortzeko”, azaldu du Teresa Fernández Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.

Ikastaroa astelehenetik barikura (09:00-13:00) izango da, martxoaren 15etik maiatzaren 20ra bitartean; Leioako Teknika Profesional Berrien zentroan egingo da. Bertan, eduki teorikoak zein praktikoak emango dituzte, eta ikuskapen bisualak eta erradiografikoak gainditzen dituzten ikasleek ATISAE homologazio-ziurtagiria jasoko dute.

Parte hartu ahal izateko, besteak beste, eskatzaileak Sopelan erroldatuta egon beharko dira, eta enplegu-eskatzaileak izan beharko dira. Izen-emate prozesua otsailaren 23tik martxoaren 9ra izango da, Sopelako Udalaren webgunean edo udal-bulegoetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun