Sopelako Udalak 2021eko aurrekontua onartu du, EAJ eta PSE-EE alderdiek osatutako gobernu-taldearen babesagaz, eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioakaz; DB-TU alderdiak aurka bozkatu du. Hala, otsailaren 25ean onartutako 2021eko aurrekontua 14.794.753 milioi eurokoa izango da, 2020koagaz alderatuta % 5,2 txikiagoa.
COVID-19aren pandemiak baldintzatutako testuinguruan, diru-sarreren beherakada nabarmena izan dela adierazi du Josu Landaluze alkateak. Hala ere, pozik azaldu da azken urteetako aurrekontu garrantzitsuenetako batek aurrera egin duelako. "Ahalegin handia egin dugu aurrekontu horrek pandemiak eragindako beharrei erantzuten jarrai dezan. Proiektu funtsezkoenak mantentzea eta udal-instalazio eta azpiegiturak kalitatezko zerbitzu publikoekin hobetzea ahalbidetuko duten kontuak dira", adierazi du alkateak.
Landaluzek azpimarratu du diru-bilketak behera egin duen arren, politika sozialei lehentasuna ematen jarraitu dietela, eta herriko elkarte eta eragileei zuzendutako dirulaguntzak ere mantendu dituztela.
Halaber, otsailaren 25ean onartu den aurrekontuan udalerriko merkatariei, ostalariei eta autonomoei laguntzen jarraitzeko premiazko laguntza-sorta ere onartu da. Izan ere, Udalak 150.000 euroko ezohiko funts ekonomiko berri bat sortu du sektore horietako profesionalei laguntza emateko.
Bestalde, aurrekontu-akordiotik kanpo, gobernu-taldeak Udaltzaingoarentzako komisaria berri bat sortzeko egitasmoa ere adierazi du. Horretarako, 700.000 euro gorde dituztela adierazi dute, eta lanak 2021ean zehar hastea aurreikusi dute.
2020ko jarraipena
Onartu berri diren aurrekontuetan 2020an gobernu-taldeak EH Bildugaz adostutako proiektu estrategikoei ere jarraipena emango dietela adierazi du udal-gobernuak. Horien artean hauek azpimarratu dituzte:
- Erdialdea oinezkoentzat jarri eta Jauregizar plaza berritzea: 400.000 euro.
- Trafiko-arazoaren aukerei buruzko partaidetza-prozesua.
- Sopelako zentroaren arintzea, Ripako saihesbidearen bidez.
- Bidegorri-sarea handitzea: 300.000 euro.
- Eskola-eraikinerako lursail berriak proposatzea.
- Liburutegi berria edo kultur eraikina: 300.000 euro.
- Kultura-eraikina eta liburutegia: 250.000 euro.
- HAPO: 400.000 euro.
- Babes-etxebizitzak bultzatzea:
o Abaro, Loiola eta Asu. Loiolakoak atzoko osoko bilkuran onartu ziren eta Asukoak martxoko osoko bilkuran onartzea aurreikusten da.
o Garatzen ari den etxebizitza hutsen azterketa: 15.000 euro. - Larrabasterra biziberritzea: Karmengo kapera, Iberrota, Iberre, Urko ibarra, Urgitxietako igogailua... 200.000 euro.
- Sopelako irisgarritasun-plana: hainbat proiektu gauzatuko dira 2021ean.
- Herritarren parte-hartzea: Akilino Arriola, HAPO, SopeLAB edo udal-aurrekontuak osatzeko partaidetza-prozesuak abian jartzea, besteak beste.