Sopelbus zerbitzua berrezarri dute

Erredakzioa 2021ko mar. 10a, 16:41
Sopelbusa martxan dago berriro. © SOPELAKO UDALA

Sopelako auzoak lotzen dituen Sopelbus zerbitzua martxan da berriro. Orain, erabiltzaileek Barik txartela ere erabil dezakete hori ordaintzeko. Udal-iturriek azpimarratu dute bidaiarien segurtasuna bermatzeko COVID-19aren aurkako higiene-neurri guztiak aplikatuko dituztela.

Orain dela ia urtebete Sopelako Udalak Sopelbusaren zerbitzua aldi baterako etetea erabaki zuen, COVID-19k sortutako osasun-krisia zela eta Estatuak ezarritako alarma-egoeraren ondorioz, erabiltzaileak kutsatzeko arrisku handiko gunea izan zitekeelakoan.

Denbora honetan, zerbitzua berriro ere martxan jartzeko lanean aritu da Udala, sopeloztarren mugikortasuna erraztu eta bizi-kalitatea hobetzeko xedez. Zentzu horretan, eta kontratu berria esleitu ondoren, aste honetatik aurrera zerbitzua berriro ere egongo da martxan, udalerriko gune desberdinak hondartza eta metro geltokiakaz lotzeko.

Zerbitzuaren berrikuntza nagusietako bat izango da Barik txartelagaz ordaintzeko aukera egongo dela. Erabaki hori apirileko osoko bilkuran onartu zen, Udalaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (CTB) arteko lankidetza-hitzarmenaren bitartez txartel hori ezarri eta aplikatzeko. Txartela Bizkaiko edozein garraio publikotan erabil daiteke, eta egindako bidaia kopuruaren eta hobarien arabera abantailak eskaintzen ditu erabiltzailearen kolektiboaren arabera.

Udal-iturriek nabarmendu gura izan dute COVID-19ari dagokionez aplikatuko dituzten neurri higieniko-sanitario berriak. Horretarako, zerbitzua emateko ibilgailuak desinfektatuko dira, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzetan. Halaber, enpresa esleipendunak Garbiketa Plana ezarri beharko du, eta zerbitzua eskaini duten ibilgailu guztiak egunero garbituko dira kanpotik eta barrutik (barrak, eskubandak eta lurzoruaren garbiketa, eserlekuak eta bereziki garbiketa behar duten elementuak).

Gidariek nahitaez erabili beharko dituzte maskarak eta eskularruak, eta autobusaren barruan kartelak jarriko dira erabiltzaileen betebeharrak eta osasun-gomendioak azaltzeko.

TARIFAK

Garraio titulu desberdinen tarifak Sopelako Udalaren Osoko Bilkurak bere ordenantza fiskaletan urtero onetsitakoak eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak  ezarritakoak izango dira; hitzartutako akordio eta hitzarmenen arabera.

  • Aldian behingo bidaia: 1,00 euro.
  • CTB Barik txartelean:
    • Udalak onartutako eta ezarritako tarifa: Creditrans arrunta 0,60 euro
  • Gainontzeko tarifak CTB-k ezarritakoak izango dira:
    • Gizatrans arrunta 0,36 euro
    • Aldi-baterakoetan CTBren tarifak aplikatuko dira.

 Ordutegiak eta bestelako informazioa lotura honetan dago ikusgai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun