Sopelako kiroldegien kudeaketaren inguruko eztabaidak herriko alderdi politikoak kontrajarri ditu, beste behin. Oraingoan, eztabaida da kirol-instalazioen gestioa zuzenean Udalak egingo duen ala azpikontratatuko den jakiteko. Hori erabakitzeko adostasun batera heldu behar dira; izan ere, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu-taldeak ez dauka gehiengo osoa.
Otsailean, gobernu-taldeak kirol-instalazioen kudeaketa-lizitazioaren agiri-teknikoak aurkeztu zituen osoko bilkuran, bertan adierazten zen enpresa bati egingo ziotela 15 urte gehi 5 urteko luzapena izango zuen esleipena. Gainera, enpresa-kudeatzaileak azpiegitura berrietan inbertituko lukeela azaldu zuten: padeleko pisten egungo eremuan igerilekuen eraikin osagarri berri bat egingo litzateke, kirola egiteko areto gehiagogaz. Padel-pistak Urkon kokatuko lirateke, eta aparkalekuaren ondoko Urkoko eraikin txikia bulegoetarako eta taldeen lokaletarako erabiliko litzateke.
Oposizioko taldeek –EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta DB-TUk– proposamena gaitzetsi zuten, udalekotzearen inguruan ikerketa objektiboa egin ez dela argudiatuta. Horren harira, mozio bat aurkezteko asmoa adierazi dute, hurrengo osoko bilkuran udalekotze-espedientea hasteko urratsak eman daitezen. Gaineratu dute ez dutela kontuan hartuko bestelako lizitazio-orririk, herriko kirol-instalazioen zeharkako gidaritza eraginkorragoa dela egiaztatzen ez den bitartean.
Baldintza horien artean "onuragarriena" dena onartzeko prest azaldu dira, eta salatu dute Udalak zuzenean zeharkako kudeaketagaz jarraitzeko lizitazioa egin duela. Gaineratu dute mota horretako gestioari ez diotela trabarik jarriko, baldin eta datuek hobeagoa dela baieztatzen badute.
Etorkizuna hipotekatu
Oposizioak bi asteko epea eman du udalekotze-txostena hasteko eta Udalbatzako kideek eta udal-langileek osatutako ikerketa batzorde bat osatzeko.
EH Bildutik gaitzetsi dute herritarren parte-hartzerik gabe diseinatutako plana dela, iaz kultur-azpiegiturei buruz egindakoagaz kontraesan nabarmenean. Gainera, gobernu-taldeari leporatzen diote udalerria datorren 15 edo 20 urteetarako "hipotekatuko" dutela.
Elkarrekin Podemosek, bestalde, proposatzen du trantsizio momentu hau zuzeneko kudeaketa ikertzeko erabil dezaten. "Aurkeztu zaiguna ez da udalekotzearen txosten bat, datu batzuk handitu dira, merezi ez duela ikustarazteko", gaineratu dute.
DB-TU alderditik udalekotzearen alde egiten dute baita ere, eta argudiatzen dute horrek zerbitzuak hobetu, gastuak gutxitu eta eskaintza malgutuko lukeela.