Lizar Begoña

“Lelo hutsak baino, nahiago dut galderak plazaratu”

Julen Nafarrate 2021ko mar. 18a, 14:06

Lizar Begoña sopeloztarrak bere bigarren poema-liburua du labean, iaz Aro beilegia izeneko lana kaleratu ondoren. Bere arte-ibilbideaz arituko gara lerrootan.

Txalet bateko jabego pribatuko lorategian / katu bat hilzorian. / Oraindik arnasestuka dago, / eta burua mugitzen du, / ‘miau’ egiten du. / Pena. / Ate eta leiho guztiak itxi ditugu, / barruan wifia dugu.

Poema gordin eta indartsuez jositako liburua kaleratu zuen iaz Lizar Begoña gazte sopeloztarrak. Aro beilegia poema-liburuagaz Donostia Kulturak eta Balea Zuriak antolatutako DK poesia lehiaketa irabazi zuen: “Inspirazioa ez dut oso urrun bilatzen. Nire egunerokotasuna, inguruan ikusten ditudan gauzak...”. Berbarako, txaleta eta katuaren poema horretarako inspirazioa ere etxetik gertu topatu zuen: “Larrabasterratik Barinatxerako bidean eraiki duten guztia izan dut gogoan: txaletak, partzelak, alarmak, hesiak... Beverly Hills hutsa”.

Askotariko gaiak lantzen ditu Begoñak bere poemetan: kulturaren egoera prekarioa, interneta, sexualitatea... “Esan didate poesia soziala egiten dudala. Izan daiteke, azken batean pertsonala ere politikoa baita, baina batik bat barruan dudana askatzeko beharra izaten dut”. Hori bai, irakurlea ere du gogoan: “Hasieran sentitzen dudan horretan idazten dut, baina, gero, testuak komunikatiboki orrazten ditut irakurlearengana hurbiltzeko, poesia ere komunikazio ariketa bat baita”.

Lelo hutsak baino, nahiago du gogoeta bultzatu, edo erantzunak irakurlearengan utzi: “Ez zait gustatzen egitea poema bat panfleto bat izango balitz modura, nahiago dut galdera moduko bat plazaratzea. Eta hori da nire ustez poesiak eta arteak dutena, alde bakarreko zentzutik aldentzeko aukera”.

Arte Ederretan lizentziatua, bekaduna izan da BilbaoArten, arte bisualak lantzen. Baina, idazmenean ari da orain buru-belarri: “Poema-liburu berri bat daukat martxan. Mini-esperimentu batzuk egin ditut, eta aurreko ildotik jarraituko dut... hori bai, hainbat arlotan autokritika eginda”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun