Sopela erdialdea oinezkoentzako bilakatu gura du Udalak

Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 11:47

Sopelako Akilino Arriola kalea. © SOPELAKO UDALA

Udalak hainbat esku-hartze iragarri ditu Akilino Arriola kalean eta Jauregizar plazan; asmoa da trafikoa herritik atera eta oinezkoentzako gune erakargarriago bat sortzea. Hala ere, ezer egin aurretik, apirilaren 15, 16 eta 17an herritarren iritzia ezagutzeko prozesu parte-hartzailea egingo dutela iragarri dute.

Sopelako Udalak udalerrian oinezkoen mugikortasuna eta segurtasuna areagotzeko proiektua iragarri du. Hori gauzatzeko, herritik pasatzen diren 2.500 ibilgailuen trafikoa erdigunetik atera eta pertsonentzako 16.000 metro koadroko gunea sortzeko asmoa adierazi du.

Esku-hartze horregaz, San Pedro eliza eta Jauregizar parkearen guneak bateratuko dituztela azaldu dute, bertan, oinezkoentzako izango den gune bat sortzeko asmoz. Horren ondorioz, erdiguneko aparkalekuak kenduko lituzkete, eta trafikoa ere berrantolatu beharko litzateke. Horretaz gain, Eleizalde eta Landa Doktorearen kaleetan urtarrilean hasitako prozesuagaz jarraitzeko asmoa ere berretsi dute; hala, ibilgailuak garajeetara edo zamalanetarako bakarrik igaro ahalko dira bertatik.

Aparkalekuari dagokionez, elizaren inguruan doako parkinga egitea aurreikusi du Udalak; hori Bidebietan proiektatuta dagoen aparkatzeko gunearen osagarria izango litzateke. Gainera, 170 aparkaleku-plaza izango lituzkeen lur-azpiko gunea egiteko aukera ere ari dira aztertzen.

Herritarren iritzia

Hurrengo pausoak eman aurretik, Udalak herritarren usteak ezagutu gura ditu, eta, horretarako, herritarrentzako zabalik egongo den bilkura egingo dute apirilaren 15ean, 18:00etan, Kurtzion. Horretaz gain, 16an eta 17an informazio-gune bat jarriko dute Jauregizar plazan, informatzeko eta herritarren iritziak batzeko. 

Udal-iturriek adierazi dute herritarrei ahotsa eman gura dietela, eta lehen eskutik jakin zeintzuk diren beraien usteak, horren araberako proiektua egin ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun