ITC Packaging enpresako langileak barikuro batzen ari dira Sopelako lantegiaren atarian, exijitzeko enpresak joan den urtarrilaren 22an kaleratu zuen langilea berriz ere kontratatu dezan. Kaleratze hori arrazoitzeko, nagusiek argudiatu zuten kaleratutakoak liskarrak izan zituela lankide bigaz. Hala ere, Aitor Martinez ELA sindikatuko enpresa-delegatuak nabarmendu du beharginaren despidoa jazarpen kasu batengatik izan dela, baita sindikatuko delegatua izateko aurkezpena egin zuelako ere.
Bozeramaileak adierazi du lantegiko kargudun batek jazarpena egiten ziola kaleratutako langileari: "Emakume horrek bere kasua salatu zuenean, enpresak ez zuen ezer egin, eta, beranduago, erasoek jarraitu zutenez, delegatuok salaketa jartzea erabaki genuen giza-baliabideen departamentuan. Orduan, langilea zuzenean kaleratzea erabaki zuen enpresak".
Martinezek adierazi du enpresak entzungor egin ziela langileak jarritako salaketei, eta, azkenean, enpresa-arduradunakaz elkartu zirenean, zuzenean eman ziotela langileari kaleratze-gutuna. "Enpresak argudiatzen du beste bi langilegaz liskarrak izan zituela, baina ez dute inoiz kaleratuaren bertsioa entzun; beti egin diote jaramon beste aldeari", salatu du. Gaineratu du, gainera, aurretik ere liskarrak egon direla beste langile batzuen artean, baina ez dutela horregatik inor kaleratu.
Horretaz gainera, Martinezek azaldu du kaleratutako langilea ELA sindikatuko delegatua izateko aurkezteko asmoa zuela, eta "langileen eskubideak irmoki defendatzen zituen pertsona denez, enpresak arazo bat kendu nahi izan zuen gainetik; bazekiten horrek gerra asko emango ziela ordezkari aterako balitz. Gure ustez, ez da kaleratzeko arrazoi profesionalik egon, giza-baliabidearen eta enpresaren kontu pertsonal bat baizik", deitoratu du delegatuak.
Enpresako arduradunakaz harremanetan jartzen saiatu da HIRUKA, baina ezinezkoa izan da euren bertsioa jasotzea.