Makinak lanean ari dira Barinatxe eta Arrietara hondartzetako aparkalekua eraberritzeko. Udal-iturriek adierazi dutenez, aparkalekuaren goiko gunean, hondartzetatik hurbilen dagoen behatokian, 300 aparkaleku kenduko dituzte, bertan aisialdi gune bat egiteko. "Bertan pasealeku bat eta aisialdi-gunea jartzeko asmoa dugu", adierazi du Josu Landaluze alkateak.
Aparkalekuek orain arteko egitura mantenduko dutela argitu dute, hori asfaltatu gabe; era berean, euri-urak batzeko sistema eraberrituko dute, besteak beste. Irisgarritasuna hobetzeko asmoz, hondartzatik hurbilago jarriko dituzte ezinduentzako aparkalekuak.
Lan horiek bi fasetan egiteko asmoa azaldu dute, makinak lanean ari diren bitartean, uda-sasoian aparkalekua erabiltzen duten hainbat herritarrek bertan aparkatzeko aukera izan dezaten.
Horretaz gain, hasiera batean, autokarabanentzako gunea ezartzeko aukera ere ikertu bazuten ere, udal-iturriek aitortu dute aukera hori baztertuta geratu zela proiektua abiatu zutenean.