Sopelako kirol-instalazioetako langileek jarduera berraktibatzea exijitu dute

Ander Zarraga 2021ko api. 30a, 14:39

Sopelako kirol-instalazioetako 42 langile ERTEn daude iazko martxotik. © ELA SINDIKATUA

Sopelako kirol-instalazioetako 42 langilek ERTEn jarraitzen dutela salatzeko eta egoera horregaz amaitzeko exijitu zuten atzo, apirilaren 29an, egin zuten elkarretaratzean. Bitartean, instalazio horien kudeaketaren inguruko hitzarmena amaitzear dago, eta Gobernu-taldea eta oposizioa ez dira ados jartzen hori nola kudeatu beharko litzatekeen.

Sopelako Udalaren osoko bilkura egiten zen momentu berean, kirol-instalazioetako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo, apirilaren 29an, udaletxearen atarian. Salatu zuten 2020ko martxotik 42 langile lana eteteko aldi baterako espedientean (ERTEn) daudela.

Isabel Garcia ELA sindikatuko ordezkariak adierazi du alarma-egoerak jarduerakaz jarraitzea baimentzen diela; izan ere, enpresa berak kudeatzen dituen beste kiroldegietan lanean ari dira. "Ez dago jarduerarik enpresak dioelako horrela dirua galduko lukeela, eta ez daudela horretarako prest", azaldu du.

Aldi berean, osoko bilkuran, oposizioko taldeek –EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta DB-TUk– jarduerak berraktibatzeko mozio aurkeztu zuten. Gobernu-taldeak horren aurka bozkatu zuen, osasun-arrazoiak argudiatuta; hala ere, azken hitza enpresaren eskuetan dagoela argitu du Guruzne Carrasson EH Bilduko zinegotziak.

Hitzarmen barik

Sopelako Udalari denbora bukatzen ari zaio kirol-instalazioen kudeaketa nola egingo duten adosteko; izan ere, uztailaren 31n indarrean dagoen hitzarmena beteko da, eta, oraindik, ez dute lizitazio berria adostu. Oposizioak atzera bota zuen gobernu-taldeak aurkeztu zuen azken proposamena; beraien ustez 15 urte gehi 5 urteko luzapeneko hitzarmenak debora gehiegi aurreikusten zuen, eta gaineratu zuten ez zutela denborarik izan hori ganoraz aztertzeko. Gogoratu behar da gobernu-taldeak gutxiengoagaz agintzen duela, beraz, oposizioko taldeakaz elkar-ulertua behar da egitasmoak aurrera ateratzeko.

Momentuz maiatzeko osoko bilkurara arte dute adostasun batera heltzeko, bestela, kirol-zerbitzurik gabe geratuko direla iragarri dute. Bitartean, oposizioko taldeek erdi-bideko proposamena egin eta, gehienez, urte biko hitzarmena onartuko luketela esan dute. EH Bilduko kideak adierazi du zuzeneko kudeaketa ere ikertzen ari direla, "baldin eta frogatzen bada azpikontratazioa baino eraginkorragoa bada".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun