Homofobiaren aurkako olatura igo da Sopelako Udala

Ander Zarraga 2021ko mai. 14a, 09:00

Maiatzaren 12an egin zuten kanpainaren aurkezpena. © SOPELAKO UDALA

Maiatzaren 17an ospatuko den homofobia, transfobia eta biofobiaren aurkako eguna dela eta, herriko hainbat pertsonaia ezagunakaz batera, Sopelako Udalak "Bat Egin Berdintasunaren eta Askatasunaren Olatuarekin"izeneko kanpaina aurkeztu du.

Besteak beste, Gorka Yarritu eta Leti Canales surflariek, Jose Antonio Nielfa La Otxoa artistak eta June Ansoleaga kazetariak parte hartu dute Sopelako Udalak aurkeztu duen kanpainan. Horregaz, maiatzaren 17an izango den homofobia, transfobia eta biofobiaren aurkako eguna aldarrikatu gura du Sopelako Udaleko Berdintasun eta Lankidetza Sailak.

Aipatutakoez gain, Ylenia Baglietto eta Karmele Larrinaga aktoreek, Diego Perez aktoreak, Ivan Killer influencer eta DJak, Roberto Rodriguez kazetariak eta Isidro Elezgarai Euskal Herriko UNICEFeko presidentea ere igo dira homofobiaren aurkako olatu horretara.

Kanpainaren zabalkundea Sopelako metro-geltokiko argiztatutako publizitate-paneletan eta Bizkaibuseko markesinetan zabalduko da, surf itxurako biniloen bidez. Bestalde, aipatutako pertsona ezagunen mezua  biltzen duen bideo bat ere zabalduko dute sare sozialetatik. Era berean, herriko merkatariei ere parte hartzeko gonbidapena egin diete.

"Sopela inklusibo eta anitz bat aldarrikatzen dugu, aniztasuna hizpide dugun esparrutik ulertuta, baina baita bere osotasunean ere. Sopelatik ahaleginak batuko ditugu herritar guztiakaz, gizarte justuagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuagaz”,  adierazi du Teresa Fernandez Udaleko Gizarte Ekintza, Emakume, Berdintasun eta Lankidetza Saileko zinegotziak.

Maiatzaren 17a

Homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuen Munduko Osasun Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an. Ordutik, data horrek esangura handia dauka pertsona lesbiana, gai, transexual, bisexual eta intersexualentzako; izan ere, beraien eskubideak aldarrikatzeko eta diskriminazioaren aurkako eguna ospatzen da mundu osoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun