Sopelako udalekuetan izena emateko epea zabaldu dute

Erredakzioa 2021ko mai. 17a, 11:06
Besteak beste, Surf Udalekua eskainiko dute; euskara eta kirola uztartzeko jarduera.

Iazko etenaldiaren ostean, udalekuak antolatu ditu berriz ere Sopelako Udalak, familiei udan ere kontziliazioa errazteko xedez. Izena emateko epea gaurtik, maiatzaren 17tik, ekainaren 6ra bitartean egongo da zabalik prestatu dituzten lau modalitateetarako: Udaleku Irekiak, Musikaz Blai, Surf Udalekuak eta Summer Camp.

Gaur, maiatzaren 17an, ireki dute epea Sopelako Udalak antolatzen dituen udalekuetan izena emateko. Ekainaren 6a arte, Kurtzio kultur etxean edo Sopelako Udalaren webgunean eman daiteke izena. Eskarien kopurua plazen zenbatekoa baino handiagoa bada, zozketa bidez esleituko dira plazak; onartutako partaideen zerrenda ekainaren 11n argitaratuko dute.

Hauek dira Udalak aurten prestatu dituen udalekuen modalitateak:

  • Udaleku Irekiak: dantza, jolasak, tailerrak eta aisialdirako jarduerakaz ederto pasatuko dute Sopelako 4 eta 12 urte bitarteko umeek, Udaleku Irekiek egingo dituzten lau txandetan: uztailean 1etik 15era eta 16tik 30era , eta abuztuaren 2tik 16ra eta 17tik 31ra. Ordutegiari dagokionez, zerbitzua 08:00etatik 15:00etara izango da, Kurtzio Kultur Etxean eta Zipiriñe ikastetxean. Prezioa ere zehaztu dute, eta matrikula arruntaren kasuan 85 eurokoa izango da, bigarren neba-arreba 65, hirugarren neba-arreba 55 eta oinarrizko errenta jasotzen dutenek 50 euro ordaindu beharko dituzte.
  • Musikaz Blai: 5 eta 12 urte bitarteko umeek kantua, mimika musikala, dantza eta antzerki jarduerak egingo dituzte musika eskolan egingo den udaleku hauetan. Txanda bi egingo dituzte uztailean: 1etik 15era eta 16tik 30era. Prezioa Udaleku Irekien berdina izango da.
  • Surf Udalekuak: surfa ardatza duen udaleku honetan 12 eta 17 urte bitarteko gazteen artean euskararen erabilera sustatuko da. Astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara egingo dira udalekuak, Arrietara eta Barinatxe hondartzetan eta surf eskolen egoitzetan. Honen prezioa ere Udaleku Irekien berbera da.
  • Summer Camp: 13 eta 15 urte bitarteko gazteek ingelesa ikasiko dute, eskola zein aisialdiko ekintzen bidez. 14 egun iraungo duen udalekua ekainaren 28tik uztailaren 16ra bitartean egingo da, oraindik zehaztu gabe dauden egunetan. Plaza kopurua 18koa izango da, eta bertaratzeko matrikularen prezio arrunta 450 euroko da, bigarren neba-arreba 335, hirugarren neba-arreba 280 eta oinarrizko errenta jasotzen dutenen kasuan 150 euro.



Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun