Sopelako lehendabiziko Argazki Jardunaldiak antolatu dituzte

Ander Zarraga 2021ko mai. 19a, 11:50
Sopelako I. Argazki Jardunaldiak maiatzaren 21etik 23ra egingo dituzte.

Uribe Kostako argazkilari taldeak Sopelako I. Argazki Jardunaldiak antolatu ditu; maiatzaren 21etik 23ra, erakusketa, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte Sopelako Kurtzio kultur etxean.

Barikuan hasiko dira Sopelako I. Argazkilaritza Jardunaldiak. Egun horretan, Iraitz Camino argazkizalearen Ikusten ez ditugun koloreak erakusketagaz hasiko da domekara arte iraungo duen egitaraua. 17:00etan aurkeztuko den erakusketa honela azaldu du Caminok: “Gure inguruan dagoen kolorea azpimarratzen dut, ingurune gris batean bizi garela ziurtzat jotzen denean, eta are gehiago garai honetan".

Horren ostean, 18:00etan, Jota Barros kaleko argazkilaritzari buruz arituko da, horren teknika eta konposizioari buruzko gakoak emanez. Aldi berean, Barrosek tailer bi eskainiko ditu zapatuan eta domekan, ikusitako teknika horiek praktikan jarri ahal izateko.

Beste alde batetik, zapatu goizean, Juanjo Basurto eta Angel Cerezok argazkilaritzaren funtsak azalduko dituzte, argia konposaketa eta lan-fluxua bezalako kontuak aztertuz.

Domekan, mugikorragaz egin daitezkeen argazkiez arituko dira; tailer hori, batez ere, gazteentzako zuzenduta dago, eta, bertan, trikimailu batzuk ikasiko dituzte telefonoagaz argazki hobeak ateratzeko.

Bukatzeko, Gilles Bourdoiseauk eta Ander Morenok Sopelako hondartzetara irteera egingo dute. Bertan, edozein mailatako argazkizaleek parte hartu dezakete, paisaien argazkiak nola egin ikasi eta tarte ederra pasatzen duten bitartean.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina bertaratzeko izena ematea derrigorrezkoa da, Kurtzio kultur etxean bertan edo, Sopelan erroldatuta ez daudenen kasuan, 944 065 505 telefonora deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun