Arrietara hondartzako aparkalekua hobetzeko lanak amaitutzat eman ditu Sopelako Udalak. Esku-hartze horretan, aparkalekuaren goiko aldea oinezkoentzat bilakatu eta umeentzako parke bat jarri dute. Era berean, beheko aldeko aparkalekua ere egokitu dute: partzelak trabesakaz mugatu, PVCko zurezko mutiloiak jarri dituzte, eta, lanok baliatuta, lursailaren drainatze eta saneamendua egokitu dituzte. Obren zenbatekoari dagokionez, udal-iturriek adierazi dute esku-hartzeak 129.098,84 euroko kostua izan duela.
"Aparkalekuaren goiko aldea oinezkoentzat jarri dugu, hori eskatzen baitzuten herritarrek eta inguruko auzotarrek. Iaz, COVID-19arekin izan genuen esperientzia ikusita, ingurumenaren aldetik askoz jasangarriagoa den paseo-gune bat sortzen duenez, herritarrek horrela mantentzeko eskatu ziguten. Horretaz gain, aparkalekua ahalik eta modu natural eta atseginenean urbanizatu dugu, eta Arrietara auzo osoa hobetu dugu, kaleak asfaltatuz", adierazi du Josu Landaluze alkate sopeloztarrak.
Autokarabana-gunea
Horretaz gain, Urkon kokatuta dagoen Sopelako autokarabanen gunea bisitariak hatzeko prest dagoela ere jakinarazi dute. Horren erabilerari dagokionez, zehaztu dute gehienezko egonaldia 48 ordukoa izango dela, eta ur- eta elektrizitate-zerbitzua erabiltzeko turismo-bulegoan salduko diren fitxak erabili beharko direla. Gogoratu dute eremu horretan ezin daitekeela kanpo-elementurik atera, eta osasun-neurriak betetzea derrigorrezkoa dela.