Abaro sektorearen urbanizazio-planak Larrabasterran zirkulazio arazoak areagotu dituela deitoratu dute

Iker Rincon Moreno 2021ko eka. 7a, 10:29
Urgitxietako bidegurutzea, artxiboko irudian.

Abaro sektorearen urbanizazioaren planifikazioak ezinegona eragin du Larrabasterrako hainbat auzokideren artean. Diotenez, lehendik zegoen zirkulazio-kaosa eta bide-segurtasunik eza areagotu du plan horrek udalerrian, "batez ere, Iberre, Gatzarriñe eta Urgitxietan, baina baita Olabiden eta Enrique Urrutikoetxea kaleetan ere". Hori dela eta, "auzokoen interes eta eskubideak defendatzeko asmoz", Sopelako Auzokideen Elkartea eratu dute, joan den maiatzaren 16an lehenengo bilera egin ondoren.

Joan den maiatzaren 16an, Larrabasterrako hainbat auzokide bildu zen Abaro sektoreko planifikazioak sortu dituen "arazoak" direla eta. Diotenez, bertako planifikazioa "txarra" da, eta hainbat eragin izan ditu auzoan, hala nola lehenagotik zegoen zirkulazio-kaosa eta bide-segurtasun eza areagotu.

Bilera horretan, erabaki zuten batzar bat eskatzea Sopelako Udaleko udal-talde bakoitzagaz; gobernu-taldeagaz eta oposizio-taldeakaz; jakiteko zein den haietako bakoitzaren jarrera uztaileko osoko bilkurako bozketan urbanizazio-proposamen horri buruz: alde edo kontra; alegazioak dituzten eta zein diren.

Era berean, auzokideek jakinarazi dute herritarren alegazioak aurkezteko sinadura-bilketa abiatu dutela. Joan den aste-akabuan –ekainak 5-6– hasi ziren, eta hurrengoan –ekainak 12 eta 13– ibiliko dira ere zeregin horretan Urgitxieta plazan, 12:00etatik 14:00etara. Horrez gainera, azaldu dute udalerritik kalerik kale ibiliko direla ere.

Segurtasunik ez, auzokideen arabera

Auzokide-taldeak gogoratu duenez, 2017an, Sopelako Udalak azterlan bat egin zuen Gatzarriñe eta Iberre kaleen arteko bidegurutzean. Horren emaitza izan zen inguruok ez zirela seguruak: "Ordu bakoitzeko 800 ibilgailu igarotzen dira, eta 800-900 artean bide-segurtasun eza da". Azpimarratu dutenez, garai horretan, ospitalea ireki berria zuten, eta ez zen % 100ean funtzionatzen ari. Hala egiten duenean, egunean 4.200 ibilgailu baino gehiago ibiliko direla iragarri du auzokide-taldeak, "orain Olabide kalea aukeratu dutenean baino ibilgailu gehiago (Udalaren gobernuak hasieratik nahi izan zuen bezala), ospitalerako, industrialderako, Mecanerrerako, Mungiarako, Plentziarako eta Berangoko merkataritza-zentrorako sarbidea izateko. Zirkulazioa asko biderkatuko zaigu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun