Ihart Arakistain, zestalaria

"Neskok mutilen kontra jolastu eta maila ona erakutsi dezakegu"

Hodei Torres · Ander Zarraga 2021ko eka. 11a, 14:43

Joan den maiatzean, Ihart Arakistain zestalari sopeloztarrak bigarrenez irabazi zuen Espainiako txapelketa; maiatzaren 15ean, Iruñeko Labrit frontoian, lortu zuen garaipena Maialen Aldazabal taldekideagaz batera. Orain, urrian jokatuko den Munduko Txapelketan ditu begiak jarrita, eta, horri buruz, eta zesta-puntaren inguruan gehiago jakiteko, beragaz egon gara.

Zer suposatu zuretzako Espainiako zesta-punta txapelketa irabaztea bigarren aldiz?

Ordu asko sartzen ditugu frontoian entseatzen, eta uste dut merezi genuela sariren bat. Sakrifizio handia da, denbora eta guztiaren aldetik, beraz, azkenean, horrelako sari bat eskuratzea edo nahi zenuen lekura heltzea sentiarazten dizu zure helburua lortu duzula, merezi izan duela.

Nolakoa izan da horra heltzeko bidea?

Iaz mutrikuar batekin jolastu nuen, eta, lehendabiziko kanporaketak irabazi ondoren, finalaurrekoetan ere gailendu ginen, baita finala irabazi ere. Aurten, aldiz, berriatuar batekin aritu naiz jolasten, Maialen Aldazabalekin, eta finala nire iazko bikotekidearen aurka izan zen, maiatzaren 15ean Iruñeko Labrit frontoian. Partidan set biak irabazi genituen: lehenengoa 15-10 eta bigarrena 15-5. Beraz, berriro ere lortu genuen finala irabaztea.

Nongo jokalariek parte hartu dute txapelketa horretan?

Gehienak Euskal Herrikoak ginen, baina Kataluniatik ere bikote bi etorri ziren, eta, horiek, apur bat nagusiagoak izan arren, gure mailakoak ziren, beraz, oso ondo moldatu gara. Horri esker, beste toki batzuetako jendea ere ezagutzen joan gara, nahiz eta gehienok elkar ezagutzen genuen lehendik ere; izan ere, astebururo partidak jokatzen ditugu, eta, azkenean, lagun talde baten modukoa osatzen dugu.

"Uste dut mutilekin jolasten badugu ez garela atzean geratuko, eta ikusten dugu gu ere beraien maila berean gaudela"

Nolakoak izaten dira zuen ohiko partiduak?

Nik astero jokatzen ditut bizpahiru partidu, gehienetan mutilekin batera, edo tartekatuz: batzuetan neska bi eta mutil bi, eta, beste batzuetan, ni beste hiru mutilekin batera. Horrela, beraien abiadura eta indarrera ohitzen goaz, neskekin jolasten dugunean bizitasuna ez delako hain handia. Beraz, nik uste dut mutilekin jolasten badugu, ez garela atzean geratuko, eta ikusten dugu gu ere beraien maila berean gaudela. Gero, lehiaketa ofizialei dagokienez, Bizkaiko Txapelketa Markinan eta Berriatuan jolasten dugu, besteak beste. Horretaz gain, Euskal Liga Noainen, Cabaillasen edo Donostian jolasten dugu; beraz, nahiko mugitzen gara.

Aurten Bizkaiko Txapelketa jokatu duzue?

Bai, Espainiako Txapelketa irabazi dudan jokalari berarekin aritu naiz, eta mutilekin batera jokatu dugun txapelketan bigarren postuan geratu gara, kadeteen kategorian. Orduan, hor ere ikusi da neskek mutilen kontra jolastu eta maila ona erakutsi dezakegula. 

Sopelako frontoian hasi zinen eskupilotan jokatzen, nolatan?

Nire neba nagusiek eskupilotan jolasten zuten, orduan, ni ere ia egunero egoten nintzen frontoian, eta, egun batean, probatu eta gero, lau urterekin taldean sartu nintzen. Ordutik, ia hamar urte egon naiz hemen eskupilotan jolasten. Hala ere, egun batean zesta-punta probatu nuen, eta hiru urtez biak egiten egon naizen arren, aurten erabaki dut garrantzi gehiago ematea zesta-puntari. 

Beraz, gehiago erakartzen zaitu zesta-puntak?

Bai, jokoa biziagoa eta azkarragoa da, eta ikusteko eta jokatzeko ere politagoa iruditzen zait. 

Hala ere, ez da oso kirol popularra, ez?

Pala eta eskupilota dira telebistan gehien ikusten direnak, baina uste dut geroz eta jende gehiago ari dela animatzen. Duela urte batzuk Xistera proiektua zirkuitua egiten hasi zen Euskal Herri osoko zestalariekin, topaketak eta txapelketak antolatzen. Horri esker, azken urte hauetan jende berri asko hasi da zesta-puntan, baita ume eta neska asko ere; uste dut bagoazela aurrera eta jendea badoala animatzen.

"Azken urte hauetan jende berri asko hasi da zesta-puntan, baita ume eta neska asko ere; uste dut bagoazela aurrea eta jendea badoala animatzen"

Zesta-puntan ez da entrenatzen, entsegua egiten da. Zergatik esaten zaio horrela?

Bueno, esango nuke guretzako hau, kirol bat baino, arte baten modukoa delako.

Eta astean lau edo bost aldiz joaten zara Berriatura entseatzera. Zergatik hara?

Bertako jendea ezagutzen genuen lehendik, eta, egun batean, hara joan nintzen probatzera, eta horrela hasi nintzen bertako taldean jolasten. Orain, nire bigarren herria bezalakoa da, denbora gehiago pasatzen dut han Sopelan baino. Gainera, Sopelatik hurbilen dagoen taldea Durango izango litzateke, eta gure inguruan pala edo eskupilota jolasten den arren, zesta-punta ez da asko ikusten oraindik. Orduan, entseatzera eta partiduak jolasteko nahiko urrun joan behar gara. 

Lea-Artibai inguruan zaletasun handiagoa dago?

Bai, Markina eta Berriatua inguruan zaletasun handia dago; izan ere, Markinan Pilotaren Unibertsitatea ere dago. Inguru horietan zaletasun handia dago; denek ezagutzen dute kirola, hemen ez bezala.

Hurrengo urteetan ere zesta-puntan jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, nik uste dut etorkizuna daukagula, geroz eta neska gehiago ari garelako, eta esango nuke urteak pasa ahala are gehiago animatuko direla; horrek ere aukera gehiago ekarriko dizkigu. Aurten, adibidez, Berriatuan bost neska txiki hasi dira zesta-puntan. Nire adinekoak lau bakarrik gaude, baina geroz eta jende gehiago ari da animatzen, baita Markinan eta Mutrikun ere. 

Goi mailako jokalari asko Ameriketara joaten dira. Gustatuko litzaizuke zuri ere bertara joatea?

Bai, noski. Neskak Mexikotik eta dabiltza jolasten, eta Donostian ere mexikar bat dago; esan digu pare bat aldiz ea noiz joango garen hara jolastera. Niri asko gustatuko litzaidake hara bidaiatzea, nola jolasten den ikusteko eta jende gehiago ezagutzeko. Lorpen izugarria izango litzateke.

Udaldian ere entseatzen jarraituko duzu?

Bai, urrian, Valladolid inguruan dagoen Íscar herrian jokatuko den Munduko Txapelketara joateko aurrehautaketan nago, beste zortzi neskekin batera. Orain, probak egiten ari gara, eta udan topera arituko gara: astean lau aldiz entseatu, partiduak jokatu eta fisikoa ere lantzen. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun