Bariku honetan, ekainaren 25ean, San Pedro jaiakaz batera, Udalak hasiera emango dio udaldi honetarako prestatu duen programazioari. Hasteko, ekainaren 29ra bitartean, besteak beste, umeentzako Escape room-ak, tailerrak, pailazoak eta ikuskizunak egingo dituzte. Egun horietan zehar ez da kontzertu eta ikuskizunik faltako; izan ere, Zea Mays eta Kalaka taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, beste batzuen artean. Bestalde, ohikoak diren dantza eta bertso ikuskizunak egingo dituzte 28 eta 29an, hurrenez hurren.
Baina festek uztailean zehar jarraituko dute, eta, hilaren 15ean, Karmen jaiak hasi aurretik zenbait ekintza prestatu dituzte: Xake Jaialdia, The Beatles taldeari tributua edo Fuera de Stock zirku-ikuskizuna, besteak beste.
Uztailaren 15ean, Karmen jaiakaz batera, programa ekintzaz beteko da berriro, eta, horretarako, hilaren 18ra bitartean hainbat ekintza prestatu dituzte adin guztietako sopeloztarrentzat: umeentzako tailerrak, zirkua eta dantza ikuskizunak. Gainera, uztailaren 17an, Zetak taldearen kontzertua ere egongo da Urgitxieta plazan.
Bukatzeko, ekintzek abuztuaren 15era arte iraungo dute, eta egun horretara bitartean, familiek ederto pasatzeko ekintzak antolatu dituzte.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ikuskizunetara bertaratzeko gonbidapena izatea ezinbestekoa izango da. Hala, ekainaren 25etik 29era egingo diren ikuskizunen gonbidapenak ekainaren 21etik 23ra eskuratu beharko dituzte Sopelan erroldatutakoek, eta ez erroldatutakoek 24tik aurrera. Uztailaren 15etik 18ra arteko ikuskizunen kasuan, erroldatuek 12tik 14ra izango dute aukera, eta gainontzekoek 15etik aurrera. Gainontzeko ikuskizunetarako izena ematea horiek egingo diren asteari dagokion astelehenean egin beharko dira. Gonbidapenen eskaera Kurtzio kultur etxean edo Udalaren webgunearen bitartez egin beharko dira.
Ekintza guztien programa lotura honetan kontsultatu daiteke.