Etxebizitza Sailak alokairurako babestutako 53 etxebizitza eraikiko ditu Sopelan

Ander Zarraga 2021ko uzt. 1a, 12:33
Arriola sailburua eta Landaluze alkatea 53 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatzen. © IREKIA

Sopelako Udalagaz adostutako hitzarmen honen bitartez, 30 etxebizitza eraikiko dituzte Asu sektorean eta 23 Loiolan. Visesa sozietate publikoaren bidez egingo duten esku-hartzeak zortzi milioi euroko inbertsioa izango du.

Eusko Jaurlaritzak alokairurako babestutako 53 etxebizitza eraikiko ditu datozen urteetan Sopelan. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak hitzarmena sinatu du eguazten honetan, ekainaren 30ean, Josu Landaluze Sopelako alkateagaz. Hala, martxoan, Visesa sozietate publikoagaz sinatutako beste akordio bati esker, 50 familiak baino gehiagok alokairu-erregimeneko etxebizitza eskuratu ahal izango dute Sopelan. Etxebiden inskribatuta dauden eta 9.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten pertsonei eta bizikidetza-unitateei zuzendutako jarduera biak gauzatzeko, guztira, zortzi milioi euroko inbertsioa aurreikusi dituzte.

Sailburuak eta alkateak sinatutako hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 30 etxebizitza eraikiko ditu Asu sektorean. Horietatik, 26 garaje eta trasteleku Udalarenak izango dira, eta gainerakoak Etxebizitza Sailarenak. Horretaz gain, Alokabidek kudeatuko ditu pisu guztiak, eta lehentasuna emango zaie errenta-baldintzak betetzen dituzten eta herrian gutxienez hiru urtez erroldatuta egon diren pertsonei. Aurreikusitako inbertsioa bost milioi euro ingurukoa da, eta lanak 2024an hasi eta 2026an bukatzea aurreikusi dute. Etxebizitzen % 80 logela bikoak izango dira, eta % 20 hirukoak.

Bestalde, Udalak eta Visesak martxoan sinatutako hitzarmenak Loiolako sektorean 23 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Hitzartutakoaren arabera, Udalak lursaila eta eraikigarritasuna lagako ditu; sozietate publikoak, berriz, lokal bat eraikiko du eraikinean, 190 metro koadro inguruko eguneko zentro berri bat sortzeko. Lokal hori garaje-plaza bigaz eraikiko da, eta udal-zerbitzuek kudeatuko dute. Etxebizitzen % 30 logela batekoak izango dira, % 50 bikoak eta gainerako % 20a hirukoak. Obra 2022an lizitatuko da, eta lanak urte beraren amaieran edo hurrengoaren hasieran hasiko dira.

Arriola sailburuak adierazi duenez, "jarduera bikoitz horrek udalerriko etxebizitza-parke publikoa indartzea dakar, herritarrei eta haien beharrei erantzuteko, Udalagaz erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta". Zehaztu duenez, Etxebiden etxebizitza-eskatzaile gisa alta emanda dauden Sopelako 440 pertsonetatik % 66k alokairu-erregimena eskatzen dute.

Alokabide zerbitzua Sopelan

Etxebizitza babestu berriak sustatzeaz gain, Etxebizitza Sailak bost etxebizitza kudeatzen ditu Alokabideren bidez; horiek guztiak partikularrenak dira, eta Bizigune programari esker laga dituzte alokairuko egoitzak, alokairu babestua errazteko. Halaber, 12 gaztek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen dute beren alokairu-errenta ordaintzeko, Gaztelagun programaren bidez. Programa horrek 28.600 euro ordaindu ditu daborduko Sopelan, eta beste 103.300 euro hitzemanda ditu datozen urteetarako laguntza hori duten pertsonentzat. Laguntza hori hiru urtez luzatzen da laguntza-lerro honetako baldintzak betetzen jarraitzen bada.

Horretaz gain, 2020tik 2021era bitartean, pandemiaren ondorioak jasan dituzten pertsonentzako ezohiko laguntzaren bidez, Sopelako 23 familik alokairua ordaintzeko prestazio ekonomikoa jaso dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun