Leticia Canales Europako surf txapeldun izendatu zen zapatuan, uztailaren 3an, Valdoviñon (A Coruñan) egin zen Abanca Pantin Classic Galicia txapelketan. Garaipen horregaz, Canalesek ezarritako helburua bete zuen: World Surf Leagueko Qualifying Series zirkuituan Europako surflari onena izateko beharrezko puntuak lortzea. Sopelako surflaria eta Tokioko jokoetarako sailkatu zen Pauline Ado Angeluko surflaria lehiatu ziren azken sariagatik, baina Basque Teameko kirolaria izan zen garaipena lortu zuena.
Canalesek 32ko surflarien kanporaketan hasi zuen txapelketa, Ibone Gomez, Lucia Martino eta Cristina Iglesiasi gailenduta. 16ko txandan Ariane Ochoaren atzetik egin zuen aurrera, bigarren postuan, eta Camilla Kemp eta Bianca Tye kanporatu zituen. Gauzak horrela, hurrengo kanporaketara igaro zen, eta Adoren aurkako txandan titulua lortzeko puntu nahiko bereganatu zituen.