Sopelako Udalak herriko mugikortasun-eredua aldatzeko prozesua abiatu du

Erredakzioa 2021ko uzt. 7a, 09:32

Akilino Arriola kalean errei bat kendu, eta erdi-oinezkoentzat egiteko asmoa du Udalak. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak herriko mugikortasuna aldatzeko zenbait egitasmo aurkeztu ditu egunotan. Besteak beste, Akilino Arriola kalean errei bat kendu, eta erdi-oinezkoentzako bihurtzeko asmoa azaldu du, eta, bestetik, herritarren proposamenak batuko dituzte Larrabasterra inguruko mugikortasuna egokitzeko.

Sopelako Larrabasterra auzoko mugikortasunaren inguruan herritarrek dituzten beharrak, lehentasunak eta kezkak ezagutzeko prozesu parte hartzailea abiatu du Udalak. Hala, uztailaren 25era arte pate hartzeko prozesua zabalik egongo da, horretarako Udalak ahalbidetu duen lotura honetan.

Horren berri emateko kartelak jarri dituzte, hasierako proposamenari buruzko informazio zehatzagaz. Gainera, Karmengo jaietan, uztailaren 16an eta 17an, barikuan eta zapatuan, hurrenez hurren, informazio-gune bat jarriko dute Urgitixieta plazan. Bertan, herritarrek beraien ekarpenak egin ahalko dituzte inguruko mugikortasunaren inguruan, eta, horretaz gain, umeek ere adierazi ahalko dute Larrabasterrako kaleak nolakoak izatea gurako luketen. Horregaz batera, uztailaren 20an, martitzenean, 17:30ean, Kurtzio Kultur Etxean eraikuntza tailerra egingo dute.

Oro har, Udalak Larrabasterran burutu gura dituen mugikortasun-proiektuak hiru ardatz nagusi izango ditu: alde batetik, Landaida merkataritza-gunea dela-eta, Gatzarriñe kalean trafikoa areagotzearen arazoari, eta Urdulizko ospitaleak sortzen duen fluxuari erantzuna emateko konponbideak bilatu gura dituzte; bestetik, Abaro sektorearen inguruko sarrerak hobetzeko eta etorkizunean Iberre institutua handitzeko aukerak landuko dituzte; eta, bukatzeko, Loiolako Ander Deuna kalea "boulevarizatzea" ere aurreikusi dute, gaur egun Uribe Kostako hondartzetara eta beste udalerri batzuetara igarotzeko zirkulazioaren ardatza baita.

Trafikoaren berrantolaketa Akilino Arriolan

Sopelako Udala ikertzen ari da Akilino Arriola kaleko trafikoaren erreietako bat kendu eta erdi-oinezkoentzat bihurtzea. Horren bitartez, noranzkoetako bat ezabatuko litzateke, eta oinezko zein bizikletentzako espaloia zabalduko litzateke, Loroño kalea eta eliza ondoko biribilgunearen arteko tartean.

Esku-hartze horregaz, Udalak bidegorri bat egiteko asmoa ere azaldu du; horrela, Zipiriñe ikastetxea, etorkizunean Loroño kaletik igaroko den bidegorriagaz lotuko dute. Bide horrek, hondartza-gunea, Kurtzio kultura etxea eta udaletxea lotuko ditu etorkizunean.

Hala ere, udal-iturriek adierazi dute proiektu hori behin-behinekoa izango dela momentuz, etorkizunean Akilino Arriola kalea erdi-oinezkoentzako bihurtzeko asmoa baitute; orduan, eremu osoari zerbitzu eta elementu berriak jarriko dizkiote. Adierazi dutenez, orain aurkeztutako jarduketa mugatua izango da, "egiteko azkarra eta erraza, zonaldea erdi-oinezkoentzat izan dadin, bizilagunek berehala erabili ahal izan ditzaten gune berriak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun