Sopelako EH Bilduk salatu du Udalak Enrike Urrutikoetxea kalean, metro-trenbidearen azpian, zeuden mural politikoak ezabatu dituela. Jakinarazi dutenez, Udalak ez du erabaki hori Kultura edo Berdintasun Batzordeetan landu, eta koalizio abertzaleko zinegotziek ez zuten horren berri izan Ogasun Batzordean kreditu transferentziaren berri eman arte. Beraz, erabakia behin hartuta jakinarazi dietela gaitzetsi dute.
Zehaztu dutenez, Udalak 23.532 euro bideratu ditu enpresa bat kontratatu eta aipatutako kaleko muralak ezabatzeko. Bertan, urrezko kurrilo bi marraztuko dituztela iragarri dute. Horretarako, "hiru pertsonen iritziak" jaso eta enpresak emandako aukeretatik bat hautatu dutela azaldu dute. Udal-gobernuaren esanetan, esku-hartze horren helburua kale horretako puntu-beltza ezabatzea omen da.
“Ados gaude herriko puntu beltzak kendu behar direla eta hirigintza antolamendua genero ikuspegitik diseinatu behar dela. Horretaz gain, bat gatoz gure herriko kaleak kolorez alaitu behar direla. Baina susmoa daukagu mural horren benetako helburua herri mugimenduek egindako mural politikoak ezabatzea ote den. Horrela balitz, jarrera hori irmoki salatzen dugu", deitoratu zuen Arantza Bilbao EH Bilduko zinegotziak uztaileko osoko bilkuran. Horren ordez, aukerak bilatzeko proposamena ere egin zioten Udalari: "Adibidez, herriko kirol-, kultur-talde zein eragile sozialen esku uztea mural horien margotzea".