Sopela Kosta Fest jaialdiaren edizio berri bat ospatuko dute irailaren 17tik 19ra bitartean. Beste behin, musika eta surfa izango dira egun horietako protagonistak, baina ez dira jorratuko diren arlo bakarrak, beste hainbat ekintza antolatu baitituzte.
Alde batetik, Moonshine Wagon eta Marenen kontzertuak egongo dira, 17an eta 18an, hurrenez hurren. 21:30ean hasiko diren emanaldietara joan ahal izateko ezinbestekoa izango aldez aurretik gonbidapenak eskuratzea.
Bestetik, surfaren alorrean, barikuan eta zapatuan, Europako KayakSurf Txapelketa egingo da; aldiz, Euskal Herriko Surf Txapelketa eta Euskal Herriko beteranoen Surf Txapelketa zapatuan egingo dituzte.
Beste alde batetik, irailaren 18an, bisita gidatua egingo dute Burdin Hesira; egun berean izango da Sopelako IV. Argazki Rallya. Hurrengo egunean, irailaren 19an, "Meteoritoaren arrastoa" ibilbide geoturistikoa ezagutzeko aukera egongo da. Ekintza horietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko dela adierazi dute antolatzaileek.
Horretaz gain, zapatu eta domekarako, jasangarritasunean oinarritutako Escape room bat antolatu dute. Bestalde, domekan, Tai Txi eta Ekialdeko praktikak itsaso ondoan tailerrak egingo dituzte, Arrietara hondartzan. Horiekaz batera, Street Workout saioa, parkour munduan modu seguruan hasteko ikastaroa eta kalistenia praktika arduratsu eta inklusiboa sustatzeko tailerra ere egingo dute. Halaber, Sopelako I. Argazki Lehiaketako erakusketa eta sari-banaketa ere egingo dituzte domekan. Arratsaldean, aldiz, familia guztiarentzako ikuskizuna egongo da Reciklator zirkuaren eskutik.
Gonbidapenak eta izen-emateak
Ikuskizunetarako gonbidapenak irailaren 13tik aurrera eska daitezke www.sopela.eus webgunearen bidez edo Kurtzio Kultur Etxean. Bestalde, antolatutako jardueretan izen-ematea www.sopelakostafest.com webgunean egin beharko da, irailaren 6tik 14ra bitartean. Webgune horretan, jaialdiko programazio osoa jarri dute eskuragarri.