Kiribile elkartea sortu dute Sopelan, herrian Eraztun Berdea bultzatzeko xedez

Erredakzioa 2021ko ira. 8a, 12:48

Kiribile elkartearen helburu nagusia da Sopelako ondare natural, kultural eta historikoa babestea.

Sopelako ondare natural, historiko eta kulturala babesteko helburuagaz sortutako elkartea da Kiribile. Azaldu dutenez, Eraztun Berdea sortu gura dute, erakundeen eta herritarren parteartzeagaz adostutako akordio estrategiko baten bidez.

Ingurumenagaz lotutako interes komunak dituen sopeloztar talde batek Kiribile elkartea aurkeztu du. Sopelako ingurune naturala zaintzeko beharragaz arduratuta, eta ondare natural, historiko eta kulturala kontserbatu eta hobetzeko helburuagaz sortutako elkartea da. "Helburu nagusia herritarrek ondare hori ezagutu eta gozatzea", dela azpimarratu dute.

Beraien ustez, helburu horiek gauzatzeko modurik egokiena Sopelaren perimetro naturalaren barruan Eraztun Berdea ezartzea izango litzateke. "Gure aberastasun natural, historiko eta kulturalaren elementu garrantzitsuenak jasotzeko erreferente gisa", azaldu dute.

Zehaztu dutenez, Kiribile elkarteak izaera proposatzailea du, eta, horregatik, Sopelako eragile instituzional, politiko eta sozialakaz bilerak egiten hasiak dira, proiektuaren ildo nagusiak zuzenean partekatzeko.

Izaerari dagokionez, Kiribile elkartean naturarekiko grina partekatzen duten herritar talde batek osatzen duela diote. Gaineratu dutenez, "zabalik daude  antzeko interesak dituzten herritar guztientzat", eta jakitun dira helburuak betetzeko beharrezkoa izango zaiela erakunde eta herritar guztiakaz lankidetzan aritzea.

Sopelako Eraztun Berdea

Azaldu dutenez, Sopelako Eraztun Berdearen ideia erakundeen eta herritarren artean adostutako akordio estrategiko batetik abiatuko litzateke. Hori definitzeko, "elkarlaneko kultura erabili beharko litzateke". Horren helburu nagusiak honako hauek dira: alde batetik, Sopelako natura-guneak eta biodibertsitatea babestea eta hobetzea, eta, bestetik, udalerriko komunitate osoak naturarekiko duen gozamena eta errespetua, "modu kontziente iraunkor eta arduratsuan sustatzea".

Eraztun Berdea honako oinarri hauek izango lituzkeela zehaztu dute: babes naturaleko perimetro bat ezartzea, zuhaitz autoktonoentzako eremuak berreskuratzea, herriko ondare historiko eta kulturala babestea eta biodibertsitatea kontserbatzeko urratsak ematea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun