Asteburu honetan, irailaren 11n eta 12an, euskal tradizioak Sopelara bueltatuko dira Euskal Jaiaren edizio berri batean. Jarduerak zapatuko 10:00etan hasiko dira, udaletxeko plazan egingo den nekazaritza azokagaz. Bertan, produktu gastronomikoak, artisautza, edo barazkiak bezalako euskal produktuak eskainiko dituzten 30 postu baino gehiago jarriko dituzte. Egun eta leku berean, Bihotx taldeak Norabide guztiak ikuskizuna aurkeztuko du 21:00etatik aurrera.
Bestalde, domekan ohikoak diren herri kirolez gozatzeko aukera egongo da udaletxeko plazan. Eguerdiko 12:00etatik aurrera hasiko dira jarduerak Bizkaiko Emakumezkoen Trontza Txapelketagaz; bertan lehiatuko dira Nerea Egurrola, Batirtze Ispizua, Iraide Gezuraga eta Amaia Mendinueta kirolariak. Horren ostean, Harri-jasotze, txinga eta ingude-jasotze erakustaldiak egingo dituzte. Bukatzeko, 18:00etatik aurrera, Tomaxen abentura: azken balea familia ikuskizuna eskainiko dute.
Edukiera mugatua
Ekitaldiek edukiera mugatua izango dute, beraz, ikuskizunetara sartzeko aldez aurretik gonbidapenak eskuratu beharko dira Kurtzio Kultur Etxean edo Udalaren webgunean, lotura honetan. Horretaz gain, antolatzaileek iragarri dute ezinbestekoa izango dela osasun- eta segurtasun-neurriak betetzea, hala nola maskara erabiltzea edo gela aplikatzea.