Bosgarren urtez, Sopelako Udaleko Enplegu eta Ekonomia Sustapen sailaren bitartez, Surf Business Meeting ekimena antolatuko dute, urriaren 7tik 9ra bitartean. Urtero antolatzen diren surfaren eta irristatze-kirolen tokiko profesionalentzako jardunaldiak dira, ekintzaile eta enpresei bultzada emateko eta berritasunak azaltzeko helburua dutenak, hain zuzen ere.
Ekitaldian, surfaren industriarentzat gaurkotasuna eta interesa duten ekimenak eta gaiak jorratuko dituzte, jardunbide egokien trukea eta jakintza sustatuz. Gainera, ekintzetako asko erreferentziazko profesionalen arteko ponentzia eta topaketen bidez garatuko dituzte.
Egun horietan, sare sozialetan nola saldu, COVID-19aren osteko kontsumo-joerak edo gero eta gehiago eskatzen den naturako turismoa eta surfeko glamping-a izango dira protagonista nagusiak. Eremu bakoitzeko protagonista propioei esker, bertatik beratara kasu arrakastatsu batzuk ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Bertan, etorkizuneko erronkei nola aurre egin eta surfaren industrian hasteko tresna eta baliabideak ezagutu ahalko dituzte.
Jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik surfbusinessmeeting.pro webgunean izena eman beharko da.
"Aukera paregabea da ekintzaileentzat eta sektoreko enpresentzat, ezagutza handitzeko eta beren produktuak garatzeko harreman interesgarriak ezartzeko aukera ematen baitie", adierazi du Teresa Fernandez Sopelako Udaleko Enplegu eta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak.
Egitaraua
Urriaren 7an, eguenean, Bizkaiko surfaren, itsaso- eta irristatze-kirolen sektoreko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako masterclass profesional bategaz abiatuko dira jarduerak, Getxoko Itxas Hubean.
Hurrengo egunean, urriaren 8an, barikuan, Kurtzio kultur etxean Pierre Rollet eta Lucia Villegas bezalako punta-puntako surflariakaz hitzaldi dinamiko, ireki eta praktikoak antolatuko dituzte.
Bukatzeko, zapatuan, urriaren 9an, irristatze-kirolen arloan emakumeen lidergoa sustatzeko eguna izango da. Hala, Roll ir Girls! taldeak Surf Business Meeting egutegiagaz eta proposamenagaz bat egingo du, skate txapelketa bategaz, besteak beste.