Izurrietaren geldialdiaren ostean, Sopelak hainbat bisitari berreskuratu ditu udaldi honetan. Udal-iturriek jakinarazi dutenez, uztailean eta abuztuan 7.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Sopelako turismo bulegora eta informazio-guneetara, udalerrian egin daitezkeen jarduerei buruzko informazio eskatzeko. 2020ko datuakaz alderatuta, udalerria bisitatu duten pertsonen kopuruak % 33ko hazkundea izan duela adierazten du horrek.
Sopela bisitatu duten gehienak hondartzako informazio-gunera hurbildu direla nabarmendu dute udal-iturriek; eta, zehaztu dutenez, 2019an erregistratutako antzeko datuan izan dituzte aurten
Sopelara hurbildu diren pertsona gehienak kataluniarrak izan dira (818), horien atzetik daude madrildarrak (669) eta andaluziarrak (342). Bisitari gehienak Estatu espainiarrekoak izan arren, europar jatorriko bisitarien kopuruak ere gora egin duela ere nabarmendu dute, bereziki, frantsesak (364) eta alemaniarrak (156). AEBtatik (153) eta Ameriketako beste herrialde batzuetatik (31) etorritako bisitarien etorrera ere aipatzekoa dela adierazi dute.
Oro har, datuak "oso positibotzat" jo ditu Sopelako Udalak, eta hazkundea oraindik "lotsatia" izan arren, itxaropentsu azaldu dira, eta Sopela, "turismoa berreskuratzeko bide onetik" doala azpimarratu dute.
Autokarabanen gorakada
Azpimarratzekoa da autokarabanen aparkalekuaren okupazioak izan duen gorakada; izan ere, denboraldi altuan 2019an baino erabiltzaile gehiago egon dira; zehazki, gorakada % 50ekoa izan da aurten. Datu horrek udalerrian turismo mota horretako gorakada berresten du, eta, zehaztu dutenez, 2021ean, autokarabanaz etorritako 1.428 bisitari hurbildu dira Sopelako turismo bulegora, 258 EAEkoak, 973 Estatukoak eta 197 atzerrikoak.
Turismo bulegotik nabarmendu dute bidaiatzeko modu hau asko hasten ari dela: "Autokarabana gero eta aukera hobea da oporrak igarotzeko, eta, nolabait, COVID-19aren izurriteak zerbitzu honen gorakada bizkortu du".
Mota horretako bidaiarientzat, Urkoko aparkalekuan 24 autokarabanentzako plazak daude. Bertan, ur-puntua, konexio elektrikoa, zaborra uzteko edukiontziak, piknik-gunea eta ur grisak eta beltzak botatzeko gune bat daude, besteak beste. "Funtsezkoa da hainbat zerbitzu dituzten gune onak izatea; izan ere, autokarabanen erabiltzaileak, oro har, oso kontzientziatuta eta sentsibilizatuta daude ingurumenarekin", nabarmendu dute turismo bulegotik.