Zapustu plataformak zelai erre txapelketa antolatu du zapaturako, urriaren 16rako, Sopelako Jauregizar plazan. Duela aste batzuk aurkeztu zen apustu-etxeen aurkako herri-mugimenduak, Zapustuk, antolatzen duen lehen ekintza honen bitartez, plataforma herrian ezagutzera eman gura dute.
Azaldu dutenez, ekimena baliatuko dute, "gure komunitatea trinkotzeko eta batzeko gune bat sortzea du helburu, modu ludikoan, baina bestelako logika batean oinarrituta: kirola apustu girotik kanpo eta modu herrikoian gozatzeko aukera emango du lehiaketa honek”.
Horrenbestez, zelai erre lehiaketa urriaren 16an, arratsaldeko 16:00etan izango da. Izena emateko, urriaren 14a baino lehen, seiko taldeak antolatu eta Zapusturen sare sozialetara (Instagram, Twitter edo Facebook) mezu zuzen bat bidaltzeko eskatu dute.