Sopelako EH Bilduk adierazi du udal-talde guztiek Mozal Legearen aurkako akordio politiko bat lortu beharko luketela, eta, horretarako, beharrezkoa ikusten dute Herritarren Segurtasun Batzordearen barruan eztabai sakon bat abiaraztea, udalerrian zenbat kasutan eta zergatik aplikatu den kontutan hartuta.
EH Bilduk eztabaidagai hau zabaldu du, azaldu dutenez, Udaltzaingoak Mozal Legea aplikatu baitzion Larrabasterrako familia bati agenteakaz izandako eztabaida baten ondorioz. Zehaztu dutenez, udaltzainek desobedientzia eta erresistentzia aipatzen dituen 36.6 artikulua aplikatu zieten; artikulu hori falta larri gisa tipifikatuta dago eta 600 eta 30.000 euro arteko isunagaz dago zigortuta.
Azpimarratu dutenez, Herritarren Segurtasunerako Legea bezala ezagutzen den arauko artikulu batzuek aukera ematen dute herritarren jarrera batzuk zigortzeko, polizia-agenteen interpretazioen arabera, hala nola desobedientzia, erresistentzia edo errespetu eta begirune falta.
Horrenbestez, Sopelako EH Bilduren ustez, garrantzitsua da eztabaida hau abian jartzea, "garrantzi politiko handiko gaia baita". Gaineratu dutenez, Eusko Legebiltzarreko talde guztiak eta baita zenbait sindikatu ere azaldu dira lege honen aurka. Gainera, arrazoitu dute beti daudela egoera gatazkatsuak kudeatzeko beste modu batzuk, udalerriko bizilagunen askatasuna eta eskubideak zainduz.