Sopelako Udalak jakinari duenez, Udaltzaingoa zazpi pertsona ikertzen ari da ondasun publiko eta pribatuetan kalteak eragiteagatik. Jakinarazi dutenez, 2020an eta 2021ean hainbat salaketa jaso dituzte eraikinen eta altzari publiko zein pribatuetan grafitiek eragindako kalteengatik.
Agenteek udalerriko grafitietan 100 aldiz baino gehiagotan errepikatzen diren sinadura bi aurkitu dituzte, eta, azaldu dutenez, "pintada zakarrak dira, esprai eta errotulagailuagaz egindako sinadurak eta horma-irudiak". Grafiti eta sinadura horiek eraikin publiko zein probatuetan aurkitu dituzte, eta baita hiri-altzarietan ere. Momentuz, udaltzainek lau egile identifikatu dituzte, eta epailearengana aurkeztuko dituzte ikertu gisa.
Halaber, Plentziako 24 urteko gizonezko bat ere ikertzen ari dira, Sopelako Udalaren eraikinean 2021eko urriaren 16an izandako kalteen delitu baten egilea delakoan. Zehaztu dutenez, goizalde horretan, hustubide bateko burdinazko sareta bota zuen eraikineko beheko solairuko leiho bateko kristalaren kontra, eta kristala eta pertsiana kaltetu zituen. Udaletxeko bideozaintza-kamerak aztertuta, agenteek gertakarien unea eta egilearen ezaugarriak zehaztu ahal izan zituzten. Ordu batzuk geroago, ertzainek Sopelako taberna baten inguruan aurkitu zuten gaztea, lagun talde bategaz. Identifikatu ondoren, kalteen delitu baten egile gisa ikertu zutela jakinarazi zioten.
Bestalde, urriaren bigarren hamabostaldian, Udaltzainek beste hiru salaketa jaso zituzten, eraikin pribatu batean eta ondasun publikoetan egindako formatu handiko grafiti batzuengatik. Udaltzainek egindako ikerketen ondorioz, beste gazte bi ari dira ikertzen, ustezko egile gisa.
Aipatutako kasu guztietan, ondasun pribatuei eta publikoei eragindako kalteen ondare-erantzukizunaz gain, erantzukizun penala ere egon daiteke kalteen delituagatik.