Azaroaren 25ean, Sopelako Udalaren osoko bilkuran, EAJk eta PSEk osatzen duten udal-gobernuak Modus Vivendi hotela kokatzen den lurren erabilera aldatzea onartu zuten. Jabeek eskatzen zuten zerbitzuetarako lurzorua bizitegi-lurzorua izendatzeko, hotela etxebizitzak bilakatu ahal izateko.
Sopelako EH Bilduk gogor kritikatu du erabakia, eta "diru-jana" edo hirigintzako pilotakada dela deitoratu du. Bilkuran, koalizio abertzaleko kideek proposamenaren aurka bozkatu zuten beraien ustez herriarentzako erabaki kaltegarria delako: "Hotelak bisitariak eta turistak erakartzen dituen negozioa da eta tokiko beste saltoki batzuetarako traktorea izan daiteke”. Horretaz gain, koalizio abertzaleko kideek hirigintzako "diru-jana" dela kritikatu zuten: "Jabeek onura ekonomiko handiak lortzen dituzte espekulazio hutsezko eragiketa batean, etxebizitzaren prezio altuak aprobetxatuz, bai erosketan bai alokairuan".
Gainera, negozio horren itxieragaz sei lanpostu galduko direla nabarmendu eta adierazi zuten, "kontraesana litzatekeela EAJk eta PSEk neurri hori babestea, Sopelak turismo erakartzeko dituen ontasunak etengabe nabarmentzen ari direnean".
2001etik martxan
Lurraren erabilera 2001ean aldatu zuten, eraikina 18 gelako hotel batean bilakatzeko. Jabeek, pandemiaren ondorioz B plan bat gura zutela jakinarazi diote El Correo egunariari; adierazi dutenez, krisiak gogor kolpatu du turismo-sektorea, eta itxialdien eta bisitarien beherakadaren ondorioz eratorriko galerei aurre egiteko hautabide bat eraikina saltzea da. Hala ere, oraindik ez dute eraikinaren etorkizuna zein izango den zehaztu.
Aurreikuspenen arabera, eraikinak kanpoko itsura mantenduko du eta birbanaketagaz hamar etxebizitzarako tokia izango luke; udal-arauen arabera gutxienez 50 metro koadroko azalera izan beharko lituzke bakoitzak.
EAEko garestienen artean
Koalizio abertzaleko kideek gaineratu dutenez, Sopela EAEko metro koadroaren prezio garestiena duen udalerrien artean dago. Higiezinen webgune ezagun baten datuak aipatu dituzte, eta, horien arabera, 2021eko urrian, metro karratuak 3.224 euroko prezioa zula deitoratu dute; inguruko udalerrien artean garestiena, hain zuzen ere. Horren errua EAJk diseinatu eta bultzatutako hirigintza-ereduaren emaitza dela diote: "Dentsitate baxuaren lehentasuna, etxebizitza publikoa ez garatzea, alokairua ez erraztea, etab.".