Getxo eta Sopelako udalek lankidetza-protokoloa berritu dute surfaren eta beste irristatze-kirol batzuen industriaren garapena eta hazkundea sustatzeko. Gaur, abenduaren 9an, Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Josu Landaluze Sopelako alkateak hitzarmena berrizteko akordioa sinatu dute.
Bizkaian erreferente bilakatu den proiektua, 2019an abiatu zuten udal bietako hainbat arloren artean. Horri esker, sektoreari balioa eman gura diote merkatuaren eta haren jarraibide berrien aurrean.
Aurkezpenean azaldu dutenez, Getxok eta Sopelak Bizkaiko surfaren jarduera ekonomikoaren erdia bereganatzen dute, gutxi gorabehera; gainera, puntako nazioarteko ekimenak, askotariko olatuak eta itsas hautsiak daude bertan, eta erreferentziako profesionalak eta surf-eskolak ere dituzte. Guztira, 31 enpresa, 110 langile eta 7,8 milioi euro sortzen dituen sektorea dela azpimarratu dute.
Agirrek aipatu duenez, "datu horiek lankidetza-hitzarmen honen osasun onari buruz hitz egiten dute, eta Sopela eta Getxo bezalako udalerrien artean elkarrekin lan egiteak dituen onurak egiaztatzen dituzte, ekonomia dinamizatzeko, turismoa erakartzeko eta enplegua sortzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen den sektorea bultzatzeko".
Sopelako alkateak, Josu Landaluzek, bere aldetik, hitzarmenaren balioa nabarmendu du: "Sopelako Udaletik irmoki uste dugu lankidetza-protokolo hau funtsezkoa dela surf, itsaso eta beste itsaso-irristatze-kirol batzuen industriaren garapena eta hazkundea sustatzeko eta bultzatzeko, udalerri bientzat funtsezko sektore estrategikoa baita. Potentzial handiko proiektua da, ekintzailetza babestea, startup berriak sortzea, dauden enpresak bultzatzea eta enpresak gure lurraldera erakartzea eragiten duelako. Protokolo hori berritzeak balio partekatuko lankidetza-gunea egonkor bat indartzea dakar".
Industria indartzeko akordioa
Hitzarmen honen helburua da Sopelan eta Getxon surfaren, itsasoaren eta beste irristatze-kirol batzuen industria indartzea, nazioartean erreferente bihur daitezen. Akordioa indarrean egon de urte bietan prestakuntza espezializatuko zortzi ekintza baino gehiago antolatu dituzte, besteak beste, jardunaldiak, masterclass, webinars, networking eta ikastaroak. Horien bitartez, hondartzetako esku-hartzea koordinatu da, eta kudeaketa-esperientziak trukatu dituzte erreferentziazko udalakaz, hala nola Biarritzegaz.
Gaineratu dutenez, antolatu dituzten turismo-topaketetan, Alemania edo Belgikak parte hartu dute, eta elkarregaz zenbait ekitaldi sortu dituzte, Punta Galea Challenge edo Surf Business Meeting, besteak beste. Horri esker, ekintzailetzaren arloan, 30 enpresa baino gehiagogaz, hiru unibertsitategaz eta beste eragile sektorial batzuekaz lan egin dute; horretaz gain, bost enpresa berri sortzen lagundu dute. Gainera, daborduko 17 proiektu ari dira lantzen, Getxo Itsas Hub itsas ekintzailetzako zentroan.