Sopelako Auzo Elkarteak eta Sopelako Udaleko oposizioko taldeek, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, DB-TUk eta Podemosetik kanporatua izan zen zinegotzi atxiki gabeak, gutun bat bidali zioten Gorka Ugalde Bizkaiko Garraio Partzuergoaren presidenteari, abenduaren 20an. Bertan, Bilboko Hiri Trenbidearen Zarata eta Bibrazioen Kontrako 2021-2024 ekintza-planari alegazioak aurkeztu zizkioten.
Gutunean, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eskatu zioten Sugurdialde kaleko bihurguneko 1. eta 2. bideetan langa txiki eta xurgatzaileak jartzea, egun instalatuta dauden panel akustikoak lau metroko altueratik bi metrora murriztea eta hori gauzatzeko behar adinako zenbatekoa izango duen partida jasotzea aipatutako ekintza-planean.
Horretaz gain, epe laburrean Sopela zeharkatzen duen metroa lurperatzeko bideragarritasun-azterketa bat egiteko ere eskatu diote Bizkaiko Garraio Partzuergoari.
Gaineratu dutenez, espero dute CTB zerbitzu publikoko erakundea izanik, bere sentsibilitatea adieraziko duela eta beraien eskaerei erantzungo diela: "Lau metroko pantailek Sugurudialde eta Etxebarri inguruko bizilagunei eragiten dizkieten arazo larriak behin betiko konpontzea, eta gure udalerrirako hain beharrezkoa den metroa lurperatzeko aukera aztertuko dutela".