Etxean egiten ditu beharrok, “edozein ordutan lan egin ahal izateko”. Izan ere, azaldu duenez, ostalaritzan egiten du lan, “horrek bermatzen baitit hilez hileko diru-sarrera egonkorra”, eta, aldi berean, master bat ikasten ari da. Hala, duen denbora libre apurra dedikatzen dio Soka egitasmoari, “alderantzizkoa izango balitz, ikaragarri poztuko nintzake”, aitortzen du.
Dioenez, artisauaren lana ez da egonkorra; hilabete batzuk eman ditzake ezertxo ere ez saldu barik, “eta beste batzuetan lanez gainezka nago”. Bere produktuak Instagrametik (@soka.macrame) saltzen ditu, eta eskariaren arabera egiten ditu lanak: “Denak dira bakarrak; ez ditut inoiz berdinak sortzen”. Gainera, bezeroak aukeratu ditzake forma, kolore eta tamainak. Horretarako, lehengai onak aukeratzen dituela dio, kotoi- edo yute-soka, hain zuzen ere. Horretaz gain, bestelako materialik erabili behar badu, birziklatua izatea saiatzen da. “Materialok modaren eta diseinuaren industriatik jasotzen ditut gehienetan”.