Sopela.net atari digitalak bere ateak itxiko dituela jakinarazi du. 2009ko uztailean lehen artikulua argitaratu zuenetik, sopeloztar guztiei zerbitzu bat eman eta bere artikuluak, iritziak eta ekarpenak argitaratzeko helburua zuen agerkariak bere ateak itxiko ditu.
Azaldu dutenez, 12 urteko ibilbide horretan lehentasuna eman gura izan diete Sopelako herri-mugimenduei, jarduera instituzionala gainditzen duen errealitateari, herri guztietan gertatzen diren jarduera xume horiei eta komunikabide handietan inolako islarik ez duten bizilagunen egunerokotasun txiki horri. Gaineratu dutenez, "Sopela.net komunikabide herrikoi, aurrerakoi, euskaldun, ezkertiar, gazte, feminista eta abertzale gisa definitu da, zalantzarik gabe".
Bukatzeko, esker eman dizkiete irakurle eta jarraitzaile guztiei, eta gaineratu dute web orrialdea irekita egongo dela denboraldi luze batean, "norbaitek hemeroteka erabili nahi badu", eta gonbidapena egin dute norbaitek Sopela.net atariaren lekukoa hartu nahiko lukeen.