Ertzaintzak 71 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo goizaldean, urtarrilaren 25ean, Sopelan, kontratatu berri zuen emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxilotua epailearen esku utzi zuten, eta, deklaratu ondoren, libre geratu zen karguakaz; era berean, biktimarengandik urruntzeko agindua ere ezarri zioten.
Biktimak Getxoko Ertzaintzan jarri zuen salaketa astelehenean. Adierazi zuenez, orain gutxi etxekoandre gisa hasi zen lanean Sopelako etxe batean, eta, astelehenean, lanean ari zela, bertako gizonak sexu-erasoa egin ziola salatu zuen. Gertakariaren berri jakin ondoren, Getxoko ertzain-etxean ikerbidea abiatu zuten delituaren ustezko egilea identifikatzeko. Akusatua atzo goizaldean atxilotu zuten Sopelan bertan.
Eraso matxista salatzeko eta biktimari elkartasuna adierazteko elkarretaratze bi deitu dituzte biharko, urtarrilaren 27rako, 13:00etan bata, eta 19:00etan bestea; udaletxeko plazan egingo dituzte biak.