Metroko zaindari bi jipoitu dituzte Sopelan

Erredakzioa 2022ko urt. 27a, 13:23
Metroko artxiboko irudia.

Zapatu gauean gertatu zen erasoa, heldu eta adingabeek osatutako zazpi pertsonako talde bat metrora sartzean segurtasun-langileek maskara janzteko eskatu zietenean. CCOO sindikatuak azaldu duenez, zaindariak anbulantzian eraman behar izan zituzten kontusioakaz.

Zapatu gauerdian, urtarrilaren 22an, zazpi helduk eta hiru adingabek osatutako talde batek Sopelako metro-geltokian lanean ari ziren bi zaintzaile jipoitu zituzten. CCOO sindikatuak gaur, eguenean, jakitera eman duenez, erasotzaileak familia afari batetik zetozen, eta zaindariak haietako biri maskara janzteko eskatu zienean, irainakaz eta mehatxuakaz erantzun zioten.

Sindikatuaren esanetan, emakumeetako bat beste segurtasun pribatuko enpresa bateko zaindari gisa identifikatu zen, eta, familiako afari batetik zetozela esan ondoren, zaindaria mehatxatzen jarraitu zuen. Orduan, segurtasun-langileak maskararik gabe zegoen pertsona identifikatzeko eskatu zuen, baina uko egin eta segurtasun-langilea iraintzen jarraitu zuten. Horren aurrean, zaindariak Ertzaintza deitu zuen.

Metroko konboia geltokira heltzean, erasotzaile batek zaindaria bultzatu eta trenera igotzen saiatu zen, behargina lurrera bota eta gainerako helduak ostikadak eta ukabilkadak ematen hasi zitzaizkion. Iritsi berria zen trenean zetorren zaindaria laguntzera joan zenean, horrek ere ostikoa jaso zuen bularrean, eta, lurrera bota ondoren, kolpe gehiago jaso zituen.

Jarritako salaketaren arabera, lehen erasotzaileak, maskara ez zeramanak, alde egitea lortu zuen, baina ertzainek gainontzeko kideak identifikatu eta salatu zituzten.

Segurtasun-langileen egoera

CCOO sindikatuak azaldu du zaindari biak mutualitatera eraman zituztela anbulantzian, eta, azterketa egin ondoren, bati diagnostikatu zioten pitzadura izan zezakeela masailezurrean, bihurritua ezkerreko eskuan, ebakia eskuineko eskuan, belauneko hantura eta min handia lepoan.

Konboitik heldutako zaindariaren egoera kezkagarriagoa dela azaldu dute, saihetsean pitzadurak, eskuineko orkatila bihurrituta, aurpegia eta goiko ezpainean kolpea eta burmuinean kalte posibleak aztertzeko TAC bat egitea aztertu zuten, buruan jasandako kolpeen ondorioz zorabioak eta gorakoak izan zituelako.

CCOO Euskadik adierazi duenez, "gertaera tamalgarri horiek erabat gaitzesten ditu", are gehiago erasotzaileetako bat "segurtasun pribatuko zaintzailea denean eta garraio publiko honetan legezko arauak betetzen zituzten zaindarien lana errespetatu behar zuenean".

Bestalde, sindikatutik Metro Bilbaoko Zuzendaritzari berretsi diote beharrezkoa dela asteburuetan zaintzaile-zerbitzuko langileen kopurua indartzea, bai eta bikotekideen funtzioak une oro egitea ere, ahal den neurrian gertakari horiek saihesteko eta langileen segurtasuna bermatzek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun