Otsailaren 25etik martxoaren 1era

Inauteriak ospatzeko hainbat jarduera egingo dituzte Sopelan

Ander Zarraga 2022ko ots. 2a, 11:58

Sopelako inauteriak, artxiboko irudian.

Inauterien itzulera ospatzeko publiko guztientzako hainbat jarduera prestatu dituzte Sopelan otsailaren 25etik martxoaren 1era bitartean. Gainera, azken egunean, ikuskizun berezia, kalejira, mozorro lehiaketa eta umeentzako tailerrak egingo dituzte.

Otsailaren 25ean, Leo Bassi polemista ezagunaren Ni, Mussolini ikusgizunak ongietorria emango die Sopelako inauteriei. Martxoaren 1era bitartean, Udaleko kultura sailak ekimen-programa berezia egingo du, iaz bertan bera geratu ziren inauterien itzulera ospatzeko.

Egun bat geroago, otsailaren 26an, zapatuan, Korrontzi taldea Mediterraneo itsasorako bidean ontziratuko da bere azken laneko folk musika aurkezteko. Bidai musikal horretan urrutiko uretara joango dira, eta, ontzi gainean, trikitiaren doinuakaz, Aita Mari erreskate-ontziaren aldeko ongintzazko kontzertua egingo dute; emanaldia Urko kiroldegian izango da 20:00etatik aurrera.

Otsailaren 27an, domekan, Go!azen gazte fenomenoa Urko kiroldegian izango da. Lagunak udako kanta aurkeztu ondoren, telesaileko protagonistek kontzertu-bira berriari ekingo diote aurten. Emanaldi bakoitza ezberdina izango da, protagonistak aldatuko dira, eta emanaldi bakoitzean eskainiko duten abesti-zerrenda ere aldatzen joango da.

Bideojokoak, simulagailuak eta errealitate birtuala

Otsailaren 28an, astelehenean, bideo-jokoak, simulagailuak eta errealitate birtualeko gailuak jarriko dituzte Urko Kiroldegian. Parte hartu gura dutenek, otsailaren 20tik aurrera eman beharko dute izena Kurtzio Kultur Etxean bertan. Antolatutako eskaintza honakoa izango da:

  • PlayStation 4: FIFA 22, Rocket League, Fortnite
  • PlayStation 5: Sackboy, ASTRO.
  • Xbox ONE: Just Dance 2022.
  • Nintendo Switch: Mario Kart 8 Deluxe, Super Smash Bros Ultimate.
  • Real Racer X gidatze-simulagailuak: Project Cars 2.
  • Erralitate birtualeko gailuak.

Astelehenean bertan, otsailaren 28an, umeentzako Peru Krokodiloa antzerki musikatua ere egongo da Urko Kiroldegian. Ikuskizunak zuzeneko musika izango du eta dibertitzeaz gain, hainbat balore landuko ditu, hala nola solidaritatea, adiskidetasuna eta besteenganako errespetua.

Programazio berezia

Azkenik, martxoaren 1a, martitzena, inauterietako eguna ospatzeko egitarau berezia prestatu dute: umeentzako tailerrak, 11:00etan; Urgitxieta plazatik abiatuko den kalejira A&B Shows-en eskutik, 17:00etan; Zirika Zirkus-en Hemendikara ikuskizuna,18:00etan; eta mozorro lehiaketa. Jarduera guztiak Urko Kiroldegian bertan egingo dira.

Mozorro lehiaketa ere egingo dute egun horretan, eta izen-ematea otsailaren 20tik 25era egin beharko da Kurtzio Kultur Etxean edo info@sopela.eus helbide elektronikora idatzita. Oinarriak eta izena emateko orria ere Kurtzio Kultur Etxean eta www.sopela.eus webgunean eskuratu ahalko dira. Zehaztu dutenez, lehiaketarako izen-emateak ikuskizunerako gonbidapena barne izango du.

Bestalde, preziodun ekitaldietarako sarrerak Kurtzio Kultur Etxean bertan eta https://sarrerak.sopela.eus/  webgunean egongo dira eskuragarri. Sopelan erroldatutako pertsonentzat otsailaren 20tik aurrera izango da salmenta eta erroldatu gabeentzako otsailaren 25etik aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun