Abenduaren 31n egin ohi lasterketa herrikoia bertan behera geratu ondoren, Sopelako San Silvestre Herrikoiaren VII. edizioa otsailaren 27an egingo da aurten; proba Larrabasterrako Urgitxieta plazatik aterako da 12:00etan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, izen-emateak hiru euroko prezioa izango du eta, gehienez, 600 parte-hartzaile izango ditu. Izen-ematea otsailaren 1etik 23ra egin ahal izango da lotura honetako webgunean. Epea amaitzean dortsal guztiak salduta ez badaude, inskripzio berriak onartuko dituzte bost euroren truke.
Deialdian gogoratu dute lasterketa ez dela lehiakorra, eta, beraz, ez dela sailkapenik edo saririk egongo lehen sailkatuentzat. Hala ere, lasterketa amaitzean, parte-hartzaileek opari bat jasoko dute eta, proban zehar, hornidura ere izango dute eskura. Gainera, lasterketan mozorrotuta parte hartzen dutenek aparteko opari berezia izango dute.
Bestalde, lasterketarako dortsalak Sopelako igerilekuan jaso ahal izango dira, otsailaren 24an eta 25ean, eguenean eta barikuan, 18:00etatik 20:00etara. Azpimarratu dutenez, probaren egunean ez da izen-ematerik egongo.
Lasterketa solidarioa
Izen-emateetan bildutako diru guztia La Cuadri del Hospi elkarteari emango diote jaso ahal izango dira, umeen minbizia humanizatu, sozializatu eta ikertzeko eta hezur-muinaren dohaintza zabaltzeko lan egiten duen erakundeari, hain zuzen ere.