Gertaera otsailaren 6an jazo zen, domeka arratsaldean, gizon bat Sopelako lokal batean sartu eta tamaina handiko laban bategaz establezimenduko jabeari mehatxu egin zionean, bildutako dirua emateko eskatuz. Kutxa erregistratzailean zegoen diru apurra hartu eta oinez ihes egin zuen lapurrak, Udaltzaingoak adierazi duenaren arabera.
Agenteek lokaleko jabearen adierazpenak batu zituzten eta ikerketa abiatu zuten egilea atzemateko. Horretarako, establezimenduko eta inguruko lokaletako bideo-zaintzako kamerak grabatutakoa ikertu eta ustezko egilearen nortasuna identifikatu ahal izan zuten.
Udaltzaingoko agenteak ustezko egilearen etxera bertaratu eta ikertutako pertsona zela jakinarazi zioten. Azaldu dutenez, akusatuak aurrekariak ditu beste delitu batzuengatik, tartean, indarkeriazko batzuk. Horrenbestez, dagokion polizi-atestatua Getxoko guardia epaitegira bidali dute.