Oposizioak gogor kritikatu zituen Sopelako gobernu-taldeak (EAJ-PSE-EE) 2022ko aurrekontuetarako egindako kreditu-aldaketak, hasiera batean onartutako 16,4 milioi euroei beste sei milioi baino gehiago erantsi baitizkio. Oposizioko alderdiek (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta DB-TU) informazio, eztabaida eta kontrol eza egon dela deitoratu zuten. Koalizio abertzaletik salatu zuten daborduko "EAJk ez duela adostasunik bilatzen eta informaziorik gabe ezin daitezkeela egitasmoak adostu". Azkenean, gobernu-taldearen aldaketak aurrera atera ziren, Patricia Alonso Elkarrekin Podemosekoa zenaren atxikirik gabeko zinegotziaren abstentzioari esker.
Aurrekontu gehigarri horregaz, Udalak Udaltzaingoaren polizia-etxearentzako partida bikoiztu gura du, beste 700.000 eurogaz; gainera, futbol-zelaiko belar artifiziala berritu (900.000 euro), Iberrota, Lizarre eta Jauregizareeko umeentzako jolastokiak hobetu (422.000 euro) eta frontoiaren egokitze-lanak (608.000 euro) egin gura dituzte. Partidarik handiena Akilino Arriola kalea oinezkoentzako egiteko proiektuak eramango du: 2,1 milioi euro, hain zuzen ere.