Abaroko sektorearen egitasmoak aurreikusten du 590 etxebizitza eraikitzea sektore horretan, horietako 497 babes ofizialekoak. Hala ere, hainbat atzerapen eta gorabehera izan dituen egitasmoaren onarpena uztailera arte atzeratu behar izan du gobernu-taldeak, Josu Landaluze Sopelako alkateak jakanarazi duenez.
Atzerapen horren arrazoia izan da lurren jabeek ez dutela ingurumen-txostena izapidetu Eusko Jaurlaritzan, eta horrek hiru hilabete inguruko luzapena suposatuko du. Udalak egitasmoa berehala bozkatzeko asmoa zeukan, Sopelarentzako hain garrantzitsua den proiektuak izandako atzerapenen ordainean.
Sopelarentzako berebiziko plana da Abarokoa; izan ere, Etxebiden izena eman duten hainbat herritar itxaroten ari dira babes ofizialeko etxebizitzen bat tokatuko ote zaien, eta, gainera³, premiazkoa da Iberre institutuko hedapena eraikitzea, ikasle askok beste udalerri batzuetara joan behar baitute zentroaren leku-arazoengatik.
EH Bilduk bere kezka azaldu du, Sopelarentzako hain garrantzitsua den proiektuaren etengabeko atzerapenengatik, eta jabeen teknikariei, udal-teknikariei eta arduradun politikoei egotzi die errua. Azaldu dutenez, Abaroko Plan Partziala 2011-2015 legegintzaldian aktibatu zuen EH Bilduk, baina EAJren udal-gobernuak blokeatu egin zuen hurrengo legealdian. Azpimarratu dutenez, "atzerapenek areagotu baino ez dute egiten eskola-komunitatearen eta sopeloztarren ezinegona".
Bestalde, EH Bilduko bozeramaileak pozik azaldu dira euren alegazio eta hobekuntzak Plan Partzialaren azken idazketan sartu ahal izango dituztelakoan daudelako. Hala balitz, oposizioko taldeak egitasmoa babestuko lukeela adierazi dute: "Sopelarentzat eta EH Bildurentzat egitasmo estrategikoa da".