Sopelaren historiako hainbat pasarteren bitartez, iraganera bidaia proposatzen du liburuak, gaur egungo Sopela eta sopeloztarrak nolakoak diren azaltzeko beharrezko irakurketa, hain zuzen. Liburua egiteko koordinazio lanetan aritu da Juan Manuel González Cembellin historialaria, Sopelako Turismo bulegoaren laguntzagaz. Horretarako, udalerriaren historia ondo ezagutzen duten adituen ekarpenak jaso dituzte: Koldo Somokueto Pérez, Aitor Miñambres Amezaga, Lartaun de Egibar Urrutia, Raquel Cillia López eta Iñaki Libano Silvente.
Nolanahi ere, "ez da Sopelako historia solemne eta eruditu bat", azpimarratu du Cembellinek; izan ere, arbasoak ezagutuz, gaur egungo sopeloztarrak hobeto ezagutzen laguntzen duen gertaeren bilduma bat dela dio.
Liburuak, historiaurreko aztarnategi arkeologikoetatik hasita, Erdi Aroko kroniketara, baleen ehizara, Gerra Zibilera edo Sabino Ercoreca eskultore sopeloztarraren artelanetara doan ibilbidea eskaintzen du. Horretarako, arkeologoen aurkikuntzez gain, historialariak azaldu du Foru Agiritegian 1550etik gaur egun arte hartzen duten 5.000 dokumentu baino gehiago daudela, besteak beste. "Dakidanez, Sopela adierazten duen lehen idatzia auzi bati buruzkoa da, 1518koa, non Martin Artaza zen protagonista, Artatzako dorretxearen jabea, eta, bide batez, gure liburuko artikulu batean ere agertzen dena", azpimarratu du Cembellinek.
Historialari sopeloztarrak azaldu duenez, liburuak modu ulerterrazean aurkezten du udalerriaren historia, eta artxiboko hainbat irudiz baliatzen da argitalpen "ikusgarri eta bisuala" eskaintzeko.
Historia difuminatua
Bestalde, Cembellinek dio Sopela asko hasi dela azken urteotan, eta kanpoko jende berri asko joan dela bertara bizitzen, horregatik, "herriko historia difuminatu egin da, herritar berriak ez dira hemengo iraganagaz identifikatzen, beraien sustraiak ez daudelako hemen". Gainera, paisaia eta eraikinak asko aldatu direla dio: "Ez dago gure iraganera garamatzan elementurik: ez dago jauregirik, baserriak oso eraldatuta daude eta tenpluak apalak dira".
“Sopelak historiarik ez duela dioen ikuspegia aldatu behar da. Belaunaldi berriek, ziur aski, erreferentziak aurkituko dituzte bertan, gu garen bezalakoak zergatik garen jakiteko”, nabarmendu du azkenik Cembellinek.
Udal-iturriek azaldu dutenez, lehen tiradan 500 ale atera dituzte, eta salgai daude udalerriko turismo-guneetan 10 euroko prezioan.