Adierazi dute Eusko Jaurlaritzak otsailean jokoa arautzeko lege berria indarrean jarri zuela, besteak beste, umeek jokoagaz duten kontaktua gutxitzeko; horretarako neurrien artean, lokalen publizitatea eta sarrera mugatu zituzten, eta, gainera, ikastetxeakaz izan beharreko gutxieneko distantzia ere ezarri zuten: 150 metro. Hala ere, Zapustu plataformako kideek deitoratu dute Sopelako joko-aretoaren eta gazteak eta umeak biltzen dituzten inguruko guneen arteko "segurtasun distantzia" ez dela betetzen.
Egiaztatu ahal izan dutenez, umeak erabiltzen dituzten hainbat gune daude Arrigorriko joko-aretoaren inguruan, 150 metro baino gutxiagora: udal euskaltegia 30 metro, frontoia 90 metro, musika eskola 60 metro, Pirata parkea 50 metro eta ingeles akademia 120 metro. Inguruan, segurtasun distantzia hori betetzen duen bakarra Zipiriñe ikastetxea dela azpimarratu dute.
Horrenbestez, adierazi dute jokoaren auzia ezin daitekeela konpondu segurtasun distantziak ezarriz, "are gehiago, ezer gutxirako balio duten neurri horiek gobernuaren zuritzea besterik ez dute helburu, eta benetan jokoarekin eta honek gizartean sortzen dituen arazo guztiekin bukatzeko oztopo bat besterik ez dira". Era berean, "neurri hipokrita" horien aurrean eta jokoak gizartean betetzen duen funtzioaren aurrean antolakuntza eta borrokarako deia egin dute.
NEURRI HIPOKRITEI EZ!
— ZAPUSTU (@zapustu) March 15, 2022
Hamarkadetan zehar jokoaren normalizazio eta onarpenerako instituzioek egindako lan guztiaren ostean, ezer gutxi balio dute hauek zuritzeko ezarritako neurriak. pic.twitter.com/QQUoW3CGX8