Zuhaitz eta Olerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute Sopelan domekan

Erredakzioa 2022ko mar. 17a, 11:24

"Zuhaitzak eta poesia, bizitzaren pedagogia (finita)" izeneko jardueraren bitartez, Zuhaitzaren eta Olerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute domekan Sopelan, Sopelana eta Argaluza egoitza geriatrikoen laguntzagaz. Egitasmoa 09:45ean hasiko da, San Pedro elizaren aurrean.

Sopelako Udalak eta Sopela Zurekin elkarteak, Sopelana eta Argaluza egoitza geriatrikoen laguntzagaz, martxoaren 20ko Zuhaitz eta Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute, "Zuhaitzak eta poesia, bizitzaren pedagogia (finita)" jardueraren bidez. 

Bi ospakizun horiek modu pertsonalean omendu gura dituen proiektua gazteengan bizitzaren mugagabetasunaren pedagogia sustatzeko eta giza ahultasuna aintzatesteko eta balioesteko beharretik ernatzen da. Elkartearen beraren esanetan, "jardueraren bidez, belaunaldi arteko elkartrukerako eta elkarrizketarako gune bat sortu nahi da, eta herritarrak, batez ere gazteenak, egoitza geriatrikoetara hurbildu nahi dira, bizitzaren fase terminaletara naturaltasunez eta esker onez begiratzeko aukera indartzeko".

Kalteberatasunari buruzko gogoeta

Hala, jarduera bizitzako kalteberatasunari buruzko hausnarketarako gonbidapen gisa aurkezten da, poesiaren, prosa poetiko txikiaren, marrazkiaren edo abestiaren bidez, eta, betiere, “izendatzaile komun baten pean, bizitzaren ziklikotasunaren eta haren onarpenaren bidez”, azpimarratzen dute.

San Pedro eliza izango da abiapuntua, 09:45ean. Parte-hartzaileek, bi taldetan banatuta, Sopelana eta Argaluza egoitzetara joko dute, bertan bizi diren pertsonei bildutako olerkiak irakurri eta jasotako marrazkiak erakusteko. Guztia adinekoen “jakinduria ospatzeko eta aitortzeko”. “Gure gizarteko ahaztuenak izateko arriskua duen biztanleriaren zati bat da. Bizi izandakoaren balioa, zaurgarritasunetik sortzen den indarra eta esperientzian oinarritutako ikaskuntzak partekatzeko aukera berreskuratzea ondare handia iruditzen zaigu gazteenei transmititzeko”, aitortzen dute elkartetik.

Ondoren, bina arte landatuko dituzte egoitza bakoitzean, “bere ezaugarriengatik, giza erresilientziaren balioa ondo adierazten duen landare autoktono bat”, eta bi egoitzei plaka oroigarri bat emango zaie.

Jardunaldian parte hartzeko izena emateko, sopelazurekin@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da edo topagunera (San Pedro elizan) gerturatu martxoaren 20an 09:45ean. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun