Itzartu Sopelako emakumeen kultur elkarteak agur esango du belaunaldi-erreleborik ez duelako

Ander Zarraga 2022ko mar. 21a, 13:50
Itzartu taldea, artxiboko argazkian. © SOPELAKO UDALA

Hiru hamarkadaz emakumeentzako hainbat jarduerak antolatzen aritu eta gero, Itzartu elkarteko kideek taldea desegitea erabaki dute, lanagaz jarraituko duen belaunaldi-erreleborik ez dutelako. Agur esateko, domekan Itzartuko antzerki-taldeak azken emanaldia eskainiko du Kurtzio kultur etxean.

Itzartu emakumeen elkarteak hainbat jarduera, tailer eta kultur ekintza antolatu ditu Sopelan, 1991n sortu zutenetik. Pili Serrano Itzartuko presidenteak baieztatu duenez, "elkarteak bere hasierako helburuak gaindika bete ditu". Dionez, elkartea eratu zenean udalerrian ez ziren horrelako jarduerak egiten emakumeentzako eta elkartea eskaintza sortzen hasi zen: "Adibidez, Sopelan ez zegoen igerilekurik, beraz, Mungiakora joaten hasi ginen".

Horretaz gain, emakume sopeloztarrak elkartzeko eta hainbat jarduera antolatzeko baliatu dute elkartea, eta lortutako emaitzakaz oso pozik daudela adierazi du du Serranok: "Azpimarratuko nuke emakume asko etxetik ateratzea lortu dugula, eta gainera oso modu independentean antolatu gara". 

Serranok azaldu duenez, elkartea uzteko erabakiak arrazoi sinplea dauka: "Ez dago inor gure lanaren erreleboa hartuko duenik, beraz, disolbatzea bakarrik geratzen zaigu". Erabaki tamalgarria dela adierazi du, baina gaur egun elkartean dauden kideak oso nagusiak direla dio eta COVID-19ak ere kalte handi egin die. Mertxe Pérez elkarteko diruzainak deitoratu duenez, elkarteko jarduerak antolatzeak lan handia suposatzen du eta doan egiten dute: "Egiten dugun lana ordainduta balego ilara egongo litzateke elkartean sartzeko". Adierazi dute elkartea kudeatzeak inplikazio handia suposatzen duela, baina deitoratu dute ez dutela beraien erreleboa hartuko duenik aurkitu: "Jendeak jardueretara joan gura du, baina atzean dagoenaz inor ez da arduratzen".

Serranok laburbildu duenez, "hasiera duen guztiak amaiera ere badu". Hala ere, denbora horretan egindako jarduerak oso positiboak izan direla dio: "Lan handia egin dugun arren, oso etapa ona, aberasgarria eta polita izan da".

Agur esateko antzerkia

Agur moduan, domekan honetan, martxoaren 27an, Amigas desgraciadas obra antzeztuko dute Itzartu taldeko antzerki-taldeko kideek. Fernando Ansoleaga, taldeko zuzendariak azaldu duenez, antzerki-taldea 1993an sortu zuten Itzartu taldeko emakume batzuek, "maitasunez eta ahaleginez interpretatzeko zuten zaletasuna askatzeko". Gaineratu duenez, hainbat emakume pasatu dira talde horretatik, eta oraindik jarraitzen dutenek eskerrak eman gura dizkiote publikoari, urteotan emandako maitasuna eta errespetuagatik.

Horretaz gain, Itzartuk sortutako genero-ikuspegiko zenema-zikloak mantenduko dituztela azaldu dute, Udaleko Berdintasun sailak hartu baitu hori antolatzeko ardura.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun