Sopelako gazteek sexu-indarkeriaren aurkako sentsibilizazio kanpaina egingo dute Amelia Tiganus ekintzaileagaz

Ander Zarraga 2022ko mar. 28a, 11:13

Amelia Tiganus aktibistagaz batera beste hiru adituk emango dituzte tailerrak. © AMELIA TIGANUS

Barikuan hasiko da Uribe Kostako Mankomunitateak eta Emargi gizarte ekimeneko kooperatibak elkarlanean antolatuko duten kanpaia. Horren helburua da elkarregaz esku-hartzeko tailerrak eta jarduerak garatzea, Sopelako Iberre institutuko DBH 3. eta 4. mailako ikasleen artean. Guztira, lau prestatzailek emango dituzte tailerrak, tartean Amelia Tiganus ekintzaile eta idazle feministak.

Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak, Berdintasun sailaren bitartez, azken urteotan sexu-indarkeriari buruzko sentsibilizazio, prestakuntza eta prebentziorako kanpainarik garrantzitsuenetako bati ekingo dio barikua honetan. Emargi gizarte ekimeneko kooperatibagaz (Emakume eta Neskatoen Emantzipaziorako Bilboko Elkartetik jaiotako kooperatiba) lankidetzan egin duten ekimenaren helburua da sexu-indarkeriaren eta pornografiaren kontsumoaren inguruko sentsibilizazio, prestakuntza eta prebentzio kanpaina bat egitea, Sopelako Iberre Institutuko DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei zuzendua. Zehaztu dutenez, proba pilotua izango da, eta etorkizunean udalerri mankomunatuetako Bigarren Hezkuntzako gainerako ikastetxeetara estrapolatzeko asmoa azaldu dute.

Ekimena apirilaren 1ean, barikuan, hasiko da, eta elkarregaz esku hartzeko ekintzak eta beste batzuk sexuaren arabera bereizita egingo dira: gizonakaz maskulinitatea ulertu eta deseraikitzeko lana egingo dute, eta emakumeakaz ahalduntze feministaren inguruan arituko dira.

Tailerrak lau prestatzailek emango dituzte, tartean Amelia Tiganus prostituzioari eta sexu-indarkeriari buruzko sentsibilizazio eta prebentzio ikastaro eta tailerretako hezitzailea. Tigranus prostituziotik bizirik ateratako ekintzaile, idazle eta hezitzaile feminista da. Emargiren sortzailea ere bada eta Nazioarteko Eskola abolizionistaren sortzaileetako bat ere izan zen. Azken bost urteotan 400 hitzaldi eta tailer baino gehiago eman ditu Espainiako lurralde osoan, baita Latinoamerikan eta Europan ere.

Hezitzaile-taldea beste hiru pertsonek osatuko dute: Oiane Menika Gizarte hezitzailea, Emargiren sortzailea eta umeen eta nerabeen babesean espezializatua dago, gainera, harremanen-terapian trebatua dago, eta sexu-indarkerian, pornografian eta prostituzioan espezializatutako hezitzailea da; Lucía Nieto soziologoa eta EHUko ikertzailea emakumeen entzierroei buruz eta sexu indarkerian, pornografian eta prostituzioan espezializatuta dago; eta Urko Pérez, maskulinitatea deseraikitzen aditua den ikertzaile eta hezitzailea, EAEko hainbat ikastetxe eta elkartetan hezkuntza-proiektuetan parte hartu du irakaslea eta nerabeakaz gizarte hezitzailea gisa ere lan egin du.

Dozena erdi tailer

Apirilaren 1ean Kurtzio Kultur Etxean hasiko den kanpaina integrala izango dela azaldu dute Mankomunitateko iturriek. Bertan, lotura enpatikoa eta kontzeptu teorikoak landuko dituzte, hala nola patriarkatua, indarkeria matxista, indarkeria sexuala, bortxaketaren kultura, maitasun erromantikoa, ziberindarkeria...

Horrez geroztik, Maiatzetik ekainera bitartean sei tailer egingo dituzte, lau sexuaren arabera bereizita eta bi batera. Tailer horietan, emakumeen ahalduntze-prozesuak landuko dituzte, sexu-indarkeriaren historia eta feminitatearen jatorria aztertuko dituzte, besteak beste; gainera, inposatutako maskulinitatea hausteko gakoak ere definituko dituzte, eta jarrera ez-matxisten adibideak ikusi, besteak beste, gazteen iruditerian eredu berri bat eraiki ahal izateko.

Ondoren, kanpaina baterako jarduera bategaz amaituko dira tailerrak, funtsezko data bati begira: M8, I23, A25 edo A10. Jarduerahori ikasleengandik sortuko dela zehaztu dute, aldez aurretik eskuratutako ezagutzetan oinarrituta. Ekintza antzezlan bat, horma-irudi bat, film labur bat, kartelen diseinu bat, sare sozialetako kanpaina bat, kontakizun lehiaketa bat edota argazki erakusketa bat izan daitezke. Jarduera hori Sopelako Udalaren jardueren egutegi ofizialean sartuko da, adierazitako dataren testuinguruan.

Laburbildu dutenez, Uribe Kostako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak nerabeei ahotsa emateko eta gizarteari indarkeria matxistaren aurrean duen sentsibilitatea, indarra eta gaitzespena erakusteko kanpaina da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun